'Herriko tabernen' kontrako auzia salatzeko manifestazioa egingo dute Ordizian
Ordiziako ‘herriko taberna’ eta Irriki elkartea ixteko Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren kontra, manifestazioa egingo dute gaur Ordizian. Txozna gunetik aterako da martxa, 20:00etan. Aste honetan bertan, Ordiziako Udalak gai honen inguruko adierazpena onartu du, osoko bilkuran. Bertan, Gorenak hartutako “erabaki politikoa” salatu eta bere babesa adierazi zien Ordiziako Irriki Kultur Elkarteari, Herriko tabernari eta bertan lan egiten duten eragile politiko, sozial eta kultur taldeei. Seguran ere, Libre eguna egingo dute gaur, triki-poteoa, ekitaldia eta kantu-afariarekin.
EH Bilduk jakinarazi duenez, jaien hasieran “begirada alaiak” nagusi izango badira ere, “tamalez, begirada tristeak” ere izango dira herritarren artean. Hala, “gure artean ez ditugunak” gogoan izan nahi dituzte. “Jai hauetan ere gure artean izango ditugu, milaka kilometrotara urruti dauzkagun senide eta lagunak, baita gure ondotik joan zaizkigunak ere”.