Orain urtebete areto futboleko nesken taldea berriz sortuta, denboraldi berriari begira jokatzeko prest leudekeen jokalarien bila dabiltza

Ekhi Zugasti, Eneko Garmendia, Estitxu Gaztañaga, Uxue Amundarain, Amaia Etxeberria eta Jon Blanco, Legorretako areto futboleko jokalariak./ Iñaki Gurrutxaga
Gazteenak aditutako kontuen arabera, Legorretako futboleko klubak urte asko dauzka. Hasieran Legorretan zegoen belarrezko futbol zelaian jokatzen zuten, eta orain 20-25 urte areto futbolak hartu zion lekukoa. Harrezkero, asko eta asko izan dira kirol hori praktikatu izan duten legorretarrak, hala neska nola mutil. Belaunaldi berrikoak ere gogotsu dabiltza. Mutilek lortu dute taldeari jarraipena ematea urte horietan guztietan, maila bikainean gainera, eta neskak, zortzi urteko eten baten ondoren, iaz sortu zuten atzera emakumezkoen taldea.
Uxue Amundarain eta Estitxu Gaztañaga dira nesken taldean dabiltzanetako bi. Hamazazpi eta hogeita bat urte dituzte, hurrenez hurren. Indaberrituta hasi ziren, bai gogoz zein kopuruz, baina denboraldia aurrera joan ahala ezinak ere azaldu ziren. Hogei neska inguru hasi ziren aurrena, denboraldia 11k bukatu zuten eta datorrenari begira zortzik bakarrik azaldu zuten segitzeko konpromisoa.
Goierriko neskei deialdia
«Batzuk kanpora zihoazela ikastera, beste batzuk lan kontuak… Kopuru aldetik eskas geratu gara», azaldu du Gaztañagak. Hasierako asmoa taldea herriko neskez bakarrik osatua izatea nahi bazen ere, zaila dela ohartu dira, eta hori dela eta, Goierri eta inguruko neskei haien taldean parte hartzeko deia egin diete. «Badakigu inguruko herrietan badaudela areto futbolean gustura arituko liratekeen neskak, horregatik egin dugu deialdia.
Gure taldearen helburua kirola eginez ondo pasatzea da, asteburuetan mugitzea eta gure artean giro ona sortzea». Baldintza bakarra 16 urtetik gorakoa izatea dela gaineratu du Amundarainek. «Ez daukate zertan futbolerako maila handirik eduki beharrik. Gogoarekin nahikoa da».
Lehen deialdiak izan du arrakastarik, eta Ordiziako, Beasaingo eta Itsasondoko neska bana animatu zaizkie. «Aramakoren bat ere bai beharbada», diote. Bi telefono jarri dituzte interesatuen eskura: 684 344 452 (Maialen) eta 688 87 09 65 (Maddi). Gipuzkoako Ligan aritu dira, eta lau taldek soilik parte hartu dute: Idiazabalek, Zaldibiak, Anoetak eta Legorretak. «Hurrengoan 7-8 taldea izango garela uste dugu. Bestela oso motza geratzen da», azaldu du Gaztañagak. Abuztuaren 24an ekingo diote denboraldi aurreari.
Bi urte, bi igoera jarraian
Eta Bilkoin Legorreta Eredu mutilen taldeari buruz zer esan. Orain bi urte Gipuzkoako Ligan ari ziren, pasa den denboraldian Euskal Ligan jokatu dute eta datorrengoan 3. mailan lehiatuko dira. «Balantzea oso positiboa da. Entrenatzaile berria izan dugu denboraldi honetan, eta taktikoki asko hobetu dugu. Lana eginez, serio entrenatuz eta diziplinarekin lortu dugu mailaz igotzea», adierazi du
Jon Blanco jokalariak.
Euskal Ligan, Eskoriatza eta Legorreta ez beste talde guztiak Bizkaikoak ziren, eta maila berrian gauzak parekatu egingo dira. «Orain Gipuzkoako sei, Bizkaiko zazpi eta Arabako bi egongo gara. Bidaia batzuk urrutira egin beharko ditugu, baina gertu gehiago izango ditugu». Maila berriari «beldurrik ez» diotela dio, «erregulartasuna» dela gakoa. 2015-16 denboraldia urriaren 4an hasiko da.
Legorreta Areto Futbola kirol elkartea sortu dute
Datorren denboraldiari begira beste urrats bat egin dute areto futboleko jokalariek, Legorreta Areto Futbola kirol elkartea sortu baitute. Hiru talde batuko ditu: mutilen lehen eta bigarren taldea, eta neskena. «Orain arte Bilkoin elkartearen izenean jokatzen genuen, baina aurrerantzean hiru taldeak klub beraren pean ariko gara. Ligari begira bakoitzak bere izena jar diezaioke taldeari».
Jon Blancok argitu duenez, 10.000 euro inguruko aurrekontua du klubak. «Nesken talderako 1.000 eurotik gora behar dira, bigarren talderako 1.500 inguru. Gure taldea garestiagoa da». Udalaren diru-laguntza, eta herriko enpresa eta komertzioena jasotzen dute. «Ondo portatzen dira, horien laguntzarik gabe ezingo genuke taldea aurrera atera».
Eta klubaren egituratik kanpo badaude ere, zaleei –Pikooligans izenez ezagunak dira amorratuenak– esker berezia eman nahi diete. «Lehen taldearen atzean beti egon dira, eta nesken taldearen sorrera positiboki hartu dute. Esango nuke ordutik jende gehiago joaten dela partidak ikustera».