Beasaingo Aterpe tabernan Alain Torres (Beasain, 1988) artistaren artelanak ikus daitezke hilaren 30era arte. Koloreei uko eginez, marrazkiari ematen dio protagonismoa. Arte Ederrak ikasten ari da.
Nolakoa da Aterpen erakusgai jarri duzun erakusketa?
Koadro formatuko erakusketa da: marrazkiak dira, grafitoz eta ikatzez, paper gainean egindakoak dira. Horien artean oleo handi bat dago.
Koloreari uko egiten diozu. Zergatik?
Kolore ukaketa hori marrazkia sakontzeko grinan datza, sinplifikatzeko. Marrazkiari, formari eta testurari eman nahi diet garrantzia. Marrazkia maite dut eta marrazkiaren jatorrian oinarritzen ditut nire lanak. Garrantzitsua ikusten dut jatorrietara bueltatzea, bai teknikan eta bai tematikan.
Nola iritsi zara horraino?
Txikitatik marraztu dut, Goierriko eta Gipuzkoako hainbat lehiaketatan parte hartu izan dut. Orain, Arte Ederrak ikasten ari naiz. Indibidualki ilustrazioak eta marrazkiak erakusten ditut eta kolektiboki Izan Gabe arte kolektiboaren partaidea naiz. Urretxuko Irimo lantoki abandonatu bat berpizten ari gara.
Zertan ari zarete Irimon?
Izan Gabe arte kolektiboan, diziplina desberdinak batzen dira; batez ere eskulturaren esparrua lantzen dugu. Baina kolektibokoak Goierrikoak garenez, industria hautsetako arazo urbanistikoez, sozialez eta estetikoez kezkatzen gara. Bitakora bat sortzen ari da, esparru librea, ez bakarrik artea, edonor egon daiteke, ez da esklusiboa. Datozen egunetan ekintzak egingo ditugu.
Bakarkako lanean edo kolektiboan aritzen zara gusturago?
Kolektiboarekin errealitatea lantzen dugu. Indibidualki nire kezka eta nahi pertsonalak marrazten ditut. Libreago sentitzen naiz.
Poesia ere idatzi duzu erakusketa iragartzen duen agirian.
Txikitatik idazten dut. Spooken word mugimenduaren zuzendaria izan naiz. Olerki formatu librea da; aurten iritsi da Bilbora. Ni hemengoa izanda euskara ere sartu dugu. Ondo dago poesia esperimentala ingelesez eta erdaraz egitea, baina euskaraz ere beharrezkoa da. Jendea hezi nahi dugu poesian.