Movistarrek Ion Izagirre Ormaiztegiarra jarri du taldeko buru; Muriasek berriz, Bravo eta Intsausti ekarriko ditu
Ordiziako eta Goierriko txirrinduzaleen urteko hitzordurik garrantzietsuenetako bat izaten da Ordiziako Klasikoa. Proba beterano honek 92. edizioa du aurten, eta beste behin ere, lehen mailako txirrindularitzaren bilgune izango da. Movistar, Orica GreenEdge eta Caja Rural bezalako taldeek, Euskal Herriko eta nazioarteko txirrindulari ezagunak ekarriko dituzte Ordiziara, eta lehia bizia espero da, batez ere, hiru talde horien artean. Hiru txirrindulari goierritar ere ariko dira lehian; aurten faboritoen artean dagoen Ion Izagirre, eta Murias taldeko Garikoitz Bravo eta Jon Ander Intsausti.
Proba antolatzen duen Txapel Gorri elkarteko kideak gustura agertu dira aurten parte hartuko duten taldeen eta txirrindularien maila ikusita. Jose Luis Sanz probaren arduradunak azaldu duenez, Movistar eta Orica GreenEdge etxeek «talde sendoak» ekarriko dituzte Ordiziara. Lasterketa «bi talde horien eta Caja Ruralen artean» egon litekeela uste du, izan ere, «Amets Txurrukari oso ondo datorkio Gaintzako aldapa», eta hor egin lezake ahalegina.
Goierritarrei dagokionean, hiru urtez Ordiziako Klasikoa irabazi duen Gorka Izagirre Frantziako Tourrean ari da, eta ez dute Ordizian espero. Haren tokia Ion Izagirre anaiak hartuko du, Movistarreko taldeburu moduan etorriko baita ormaiztegiarra. Proba ondo ezagutzen du Izagirrek, nahiz eta Gorka anaia izan den orain arte emaitzarik onenak bildu dituena.
Murias taldeak ere, ibilbidea ondo ezagutzen duten bi txirrindulari ekarriko ditu: Garikoitz Bravo lazkaotarra eta Jon Ander Intsausti mutiloarra. Sanzen ustez, Movistar eta Orica bezalako taldeen ondoan, «koska bat beherago» dago oraindik Murias; hala ere, zeresana eman dezaketela uste du. «Bravok ondo ezagutzen ditu hemengo errepideak, eta tarteko helmugaren bat irabazi edo ihesaldiren bat egiten saiatu liteke».
Aipatutakoez gain, Igor Anton eta Beñat Intsausti (Movistar), Simon Clarke eta Christian Meuer (Orica), Amets Txurruka (Caja Rural) edota Sergey Firsanov (Rusvelo) izango dira gertutik zaindu beharreko beste txirrindulari batzuk.
Gaintza, puntu erabakigarria
Iaz ibilbidean egindako aldaketak onerako izan zirela ikusita, zirkuito beretsua mantenduko du aurten klasikoak. Ordiziako Gurdarien Etorbidetik 09:30ean abiatuko dira; Itsasondo, Legorreta eta Ikaztegietatik barrena, Alegiara iritsiko dira; handik, Amezketa eta Abaltzisketara joko dute, gero Larraizko portua igotzeko. Beherakoan, Gaintzako bidea hartu eta herrigunea pasata Ordizia aldera aterako dira. Lau itzuli egingo dizkiote ibilbide horri. Bosgarren itzulian, ordea, Larraiztik Zaldibiara jaitsi, eta Gaintzako aldapa ezaguna igoko dute. Iazko klasikoan ez ezik, Euskal Herriko Itzulian ere gune beroetako bat izan zen. Eta aurten ere, puntu erabakigarria izango da Gaintzakoa, lasterketa bukatzeko 6 kilometroren faltan igaroko baitira bertatik. Ordiziako helmugara 14:00ak aldera iritsiko dira lasterkariak, 170 kilometroko ibilbidea beteta.