Gaur 19:00etan fusilatuen omenezko eskulturan egingo dute omenaldi ekitaldia. 1936ko gerra garaiko informazioa biltzen ari dira Beasainen.
2012an hasi ziren fusilatuak omentzen Beasainen.
Duela 79 urteko uztailaren 27tik 28rako gaua beltza izan zen Beasainen: Errepublikaren aurka altxatutako militarrak eta erreketeak herrian sartu eta ondorio latzak utzi zituzten. Gertakari hura gogoan, gau beltz hartan hildakoak eta ondorengo hilabeteetan eta urteetan hil zituzten beasaindarrak omentzen dituzte Beasainen 2012tik, uztailaren 27ko egunez.
Aurten ere, hitzordua jarri du Beasaingo fusilatuen aldeko herri-ekimena taldeak: 19:00etan, fusilatuen omenezko eskulturan. Lore eta kandela eskaintza, ohorezko aurreskua eta irakurle taldeko hainbat kideren irakurraldiak izango dira omenaldiaren ardatzak. Ekitaldi irekia da eta nahi duten guztiek izango dute eskulturan kandela piztuak eta loreak jartzeko aukera.
Urteak informazioa biltzen
2014an Beasaingo Udalak Aranzadi Zientzia Elkarteak hitzarmena sinatu zuten Beasaingo gerra garaiko memoria historikoaren lana egiteko. Jon Kortazar historialari bizkaitarra hasi zen gaia arakatzen, beasaindarrek osatutako Beasaingo fusilatuen aldeko herri-ekimeneko kideekin batera. «Ordurako gure taldeak udal artxiboko dokumentu batzuek eskaneatuak zituen. Gero, lan horrekin jarraitu eta milaka argazki atera dira. Kanpoko artxiboetan ere ahal den informazioa bildu da, hori lortzea denetan erraza ez den arren», dio Andoni Sarriegi fusilatuen aldeko taldeko kideak.
Material asko bildu dute dagoeneko. «Hala eta guztiz ere, igaro diren urteak igarota eta zuzeneko lekuko gehienak galduta, hainbat gauza zehaztu gabe geldituko dira eta xehetasunak atzetik egin daitezkeen ikerlanetan zehaztu beharko dira zehaztekotan». Beasain.eus webgunean egindako ikerketen lehen emaitzak argitaratuta daude.
Lehen zatia jada idatzita
Jasotako informazioa bi liburutan biltzeko asmoa dago. Lanaren lehen zatia (1930-1931) dagoeneko idatzia du Kortazarrek eta gaztelaniara itzultzen ari da. Bigarren zatia (1931-1936) idazten ari da. Sarriegik aurreratu duenez, «udazken honetan idazlana bukatzea espero da, baina gero muntaketa lana ere handia izango da, testua, garaiko argazkiak, dokumentuak, lekukotzak eta abarrekin batera konposatzeko». Datorren urtean, 80. urteurrena betetzerako liburua argitaratuta egotea aurreikusten dute.