2016-2017 denboraldian ospatuko ditu urrezko ezteiak. Gaur egun saskibaloian oinarritzen da bere lana. Teknifikazio entrenamenduak antolatu dituzte.
BKLeko jokalariak. Argazkian, Pablo Laso Real Madrideko entrenatzailea eta Baskoniako entrenatzaile berria, Velimir Perasovic ageri dira.
Beasainen saskibaloiaren sustatzaile nagusia BKL, Beasaingo Kirolaren Lagunak elkartea izan da. 2016-2017 denboraldian, 50 urte, urrezko ezteiak beteko ditu gaur egun Arri BKL izena duen taldeak. Urteurreneko ekintzak prestatzen hasi dira dagoeneko. Hasteko, argazki eta irudi bilduma eta erakusketa osatzeko klubeko argazki eta grabazio zaharrak biltzeko deia egin dute. Argazkiak dituenak Mikel De las Herasekin harremanetan jartzeko eskatu du BKL-k: 603 489 249 edo
info@bklsaskibaloia.com.
Izan ere, argazki ugari utzi ditu BKL taldeak 50 urte hauetan. 1966. urtean, herriko gazteen artean eskubaloia bultzatzeko helburuarekin sortu zuen CAF enpresak taldea BKL CAF kirol saila izenarekin. Bi urte beranduago, 1968an, saskibaloia bultzatzeko lanean hastea erabaki zuten. Horretarako, Beasaingo La Salle ikastetxeko taldea hartu zuten oinarri. Gizonezkoen taldearekin hasi ziren lanean, baina urte betera, emakumezkoak ere saskibaloi lehiaketatan parte hartzen hasiak ziren. Harrezkeroztik, urte askoan, saskibaloia eta eskubaloia izan ziren BKL-ren ardatzak.
Eskubaloia eta saskibaloia
Taldeak ugaritzen joan ahala, entrenamenduetarako eta partidetarako leku gehiagoren beharrean aurkitu izan zen BKL. Herriko ikastetxeetan aurkitu zuten lekua, 1984an Antzizar kiroldegia ireki zuten arte. Harrezkeroztik, Antzizar da BKLren egoitza. 1986. urtean CAFeko kirol saila izateari utzi zion eta BKL izenarekin gelditu zen. Azken urteetan, dena den, saskibaloi taldeak bakarrik ditu BKL-k.
Taldea osasun onean
Arri BKL saskibaloi taldea osasuntsu iritsiko da 50. urteurrenera. Urte batzuetan makalago ibili badira ere, 2011-2012 denboralditik igoera handia izan du Arri BKL taldeak. Azkeneko denboraldian, 27 entrenatzaile eta 170 jokalari hamasei taldetan banatuta aritu dira lehian. Saski Eskolan, berriz, 45 gaztetxo aritu dira. 2015-2016 denboraldian ere antzera ibiliko da BKL. Aurreratu dutenez, 2003an eta 2004an jaiotako neska-mutikoak behar dituzte taldean.
Teknifikazio entrenamenduak abuztu bukaeran
Beasaingo Arri BKL taldearekin lankidetzan, abuztuaren 31tik irailaren 4a bitartean Donostiako Ska Trainer enpresako entrenatzaileen eskutik, saskibaloiko teknifikazio astea egingo dute Beasainen. Infantil, kadete eta jubenil mailatako jokalariei zuzenduta daude entrenamenduak; hau da, 12 urtetik eta 18 urtera bitarteko neskek zein mutilek har dezakete parte. Astelehenetik ostiralera, bost entrenamendutan banatuko dute Ska Trainer saioa: arratsaldeetan 16:00etatik 17:15era, Antzizar kiroldegian.
Jokalari bakoitzaren teknika hobetzea eta perfekzionatzea dira entrenamendu berezi horien helburu nagusiak. Bakarkako lanketarekin talde osoaren errendimendua hobetzea da erronka. Dena den, Ska Trainer saioak aurrera eraman ahal izateko gutxienez 12 neska-mutilen partaidetza bermatuta egon beharko da. Antolatzaileak kopuru horretara iristen ez badira, ez da teknifikazio saiorik egingo.
Entrenamendu espezifiko horietan parte hartu nahi dutenek abuztuak 2 baino lehen eman behar dute izena, talde bakoitzeko entrenatzailearen bidez, edo 603 489 249 telefono zenbakira deituta edo bklsaskibaloia@gmail.com posta elektronikora idatzita. Izen-abizenak eta adina zehaztu behar dira izena ematerakoan. Kostuari dagokionean, 60 euro ordaindu beharko dira.