Ruben Aznal eta Lurdes Larrañaga ama semeek hartu berri dute Zeraingo Ostatuaren ardura. Leintz Gatzagako taberna izan dute aurretik, eta esperientzia handia dute.

Lurdes Larrañaga eta Ruben Aznal ama semeak, Zeraingo ostatuaren aurrean. / Maialen Igartua
Ia hiru urtez Zeraingo ostatuaren ardura izan ondoren, ekainaren bukaeran utzi zuen Urki Balerdik. Uztailaren 16an ireki zuen berriz Ruben Aznal azpeitiarrak. «Egia esan ez gara Azpeitiakoak, mugan dagoen baserri batekoak baizik, baina beno, Azpeitian egin dugu bizitza», adierazi du. Bi aste daramatza Aznalek Zeraingo ostatuan, eta herritarren
harrera «oso ona» izan dela adierazi du.
Lurdes Larrañaga
amarekin batera hartu du ostatua Aznalek. «Bera da sukaldeko artista, ni barran egoten naiz, amak jendearekin hitz egiteko abilezia handiagoa dudala esaten dit eta», adierazi du. Asteburuetan, berriz, bi anaia etortzen zaizkio laguntzera. Hori bai, «haserre xamar» etortzen direla esan du Aznalek, brometan, ostatua herritik urrun hartu dutelako.
Eguneko menua, karta eta plater konbinatuak eskaintzen dituzte, besteak beste. Eta eramateko ere prestatzen dituzte bai bokatak edo bai plater konbinatuak. «Legatza oso ongi ateratzen zaio amari, baita txipiroiak eta kroketak ere», esan du Aznalek.
Plater konbinatuek ere arrakasta izaten dutela adierazi du, bestalde, Larrañagak, «nahiko osatuak izaten direlako». Astearteetan itxi egiten dute ostatua, baina gainontzeko egunetan irekita egoten da.
Zeraingo guarda ezagutzen zuen Aznalek, eta berak eman zion Zeraingo Ostatuaren berri. «Ikustera etortzeko esaten zigun, eta halaxe etorri ginen». Itsasoko ostatua ikusten ere izan zirela adierazi du, eta hartzeko zorian izan zirela, baina azkenean atzera egin zuten. Zeraingoarekin aurrera egitea erabaki zuten gero. Printzipioz
lau urterako hartu dute.
Aurretik Leintz Gatzagan
Lehendik ere esperientzia dute ostalaritzan. Lau urtez Leintz-Gatzagako (Gipuzkoa) tabernaren eta bungalowen ardura izan dute.
Ostalaritzan ibili izan da familia. «Ama, bi osaba eta izeba bat ostalariak ditut», adierazi du Aznalek. Eta bera ere gaztetan hasi zen, familiakoei laguntzen, hamabost urte zituela. «Parrandazalea izan naiz beti, eta diru pixka bat ateratzeko lan egin behar izaten nuen».
Ostatua hartu aurretik ez zuten herria ezagutu ere egiten. Lehengo aldietan bidean galdu zela ere esan du Aznalek. Gustura daude egindako aukerarekin, ordea, eta nobedadeagatik edo, bi aste hauetan jende ugari joan zaiela adierazi dute.