Zuzendari Nagusiaren eta zuzendaritzako hainbat kideren aurkako salaketak jarriak dituztela jakinarazi dute sindikatuek. Irailetik aurrera mobilizazioak iragarri dituzte.
Estanda enpresako CCOO eta ELA sindikatuetako ordezkariak enpresan bizi duten egoera salatu dute.
Beasaingo Estanda enpresako CCOO eta ELA sindikatuetako ordezkariek prentsa agerraldia egin dute eguerdian, “lan harremanek jasan duten hondatze argiaren aurrean, enpresako sailetan eta langileengan sortu den giro txarraren ondorioz, abisu moduan zenbait ohar emateko”.
Jakinarazi dutenez, salaketa ugari jarrita dituzte dagoeneko zuzendaritzako hainbat kideren aurka. Besteak beste, enpresa batzordeko kideek Pertsonaleko Zuzendariaren aurka: “FESA zuzendaritzaren aurrean, 2014ko irailaren 1ean, ezjakina eta ezgaia kontsideratua izanagatik”. Horretaz gain, Enpresako Komiteko idazkari denak, “komiteko kideen izenean Sekretuen Aurkikuntza eta Ezagutzera emateagatik aurkeztutako salaketa ere pendiente dauka oraindik”. Prentsaurrekoan gogoratu dutenez, “sindikatu batek ekoizpen arloko arduraduna salatu zuen publikoki enpresa bat ixteagatik eta Estandaren lehiakideentzako lan egiteagatik”.
Langileen aurka
Zuzendaritza langileen aurkako errepresaliak hartzen ari dela salatu dute: “Zuzendaritzan nabari den ezintasun eta gaitasunik eza ikusita, bururatzen zaien gauza bakarra langileekiko errepresaliak hartzea da, erabat zentzugabeak diren zigorrak ezarriz, beldurra sartuz, Enpresako Hitzarmena ez betez eta Langileen Estatutua betez maila profesionalak behar bezala ez aplikatuz”. Egoera horren aurrean, “langileei, Enpresa Komitearen babesarekin, ez digute defentsa juridikoa eta sindikalaz gain beste aukerarik uzten”.
Lan segurtasunaz eta osasunaz ere kezkatuta daude CCOO eta ELA. “Sail honetan egon zen aurreko arduradunaren kaleratzea eta gero, gaiarekiko enpresak azaltzen duen kezka txikiagotzen doa. Honek enpresako komiteko kideei eta prebentzioko ordezkariei Lan Ikuskaritzan zenbait salaketa jartzera behartu gaitu, berriz ere istripu larririk gertatuko ez dela errezo egiten dugun bitartean”.
Jazarpen sindikala ere salatu dute. “Sindikatu bereko zenbait delegatuei postu aldaketak inposatuz edo beste delegatu bati gezurrak esanez, isuna jarriz, beldurraren legea ezarri nahi dute enpresan, sindikalismoa desagertarazteko helburuarekin eta baita lan harremanak indibidualizatzeko helburuarekin. Jakin dezatela arlo honetan ere parean izango gaituztela”.