Produktu turistiko berri modura aurkeztu zen iaz GR-283a edo Gaztaren ibilbidea, turismoa kirolarekin, gastronomiarekin eta kulturarekin uztartzeko.
Irudian, Gironako laukotea, Idiazabalgo Interpretazio zentroan, ibilbidea bukatu ondoren.
Sei etapako ibilbide zirkularra, 10.000 metro inguruko desnibel metatua, eta 34 ordutan egiteko modukoa. Horiexek dira GR-283a edo Gaztaren Ibilbidearen datu teknikoak. Aizkorri-Aratz eta Aralar natur parkeak uztartzen ditu, eta Goierriko eta Debagoieneko parajerik ederrenetakoak ezagut daitezke. Kirola, gastronomia eta kultura batuz, lasaitasuna eta natura atsegin duten turistak erakartzea du helburu. Eta ibilian-ibilian,
iazko martxoan egindako aurkezpenean egindako aurreikuspenak betetzen ari dira, pixkanaka bada ere.
Ibilbidea Seguran hasi eta bukatzea proposatzen dute ibilbidearen sortzaileek. Euskal Herriko gazta ezagunenari izena ematen dion Idiazabal herria eta bertako interpretazio zentroa ezagutzeko aukera ematen du, eta gaztaren festa nabarmenenak egiten diren lekuak ere ibilbidean txertatuta daude, Ordizia eta Legazpi kasu, baita Arantzazuko santutegia ere. Horiez gain, Ordizia eta Segurako kasko historikoak, Donejakue bidea, Mirandaola, Zerain eta Mutiloako meatze guneak… Eta nola ez, baita Aralar eta Aizkorriko artzain saroiak ere.
Librean ala hitzartuta
Ibilbidearen informazio gune nagusia
Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroan dago. Ibilbidea egiteko materiala banatzen die han Igor Zeberio turismo teknikari eta ibilbidearen koordinatzaileak: geraleku bakoitzean zigilatu beharreko agiria, ibilbidearen elastikoa, mapa eta gida. Ibilbidea osatzen dutenei gazta erdi bat eta sagardo botila bat ematen diete opari. Ibiltariek
idiazabalgaztarenibilbidea.com webgunearen bidez presta dezakete txangoa.
«Libretik egin badaiteke ere,
pakete turistikoa hartzen dutenek hainbat onura dituzte: plan guztia egiten diegu, alojamenduetarako erreserba kudeatzen diegu, eta baita zalantzak argitu ere aurretik ala momentuan. Hainbat eta hainbat zerbitzu gehigarri ere eskaintzen dizkiegu: motxilen garraioa hurrengo ostatura, gida zerbitzua, asegurua, txangoak…». Zeberioren esanetan, nahiz eta bakoitzak ibilbidea «bere nahierara» diseina dezakeen, ibilbide zirkularra egitea eta pentsio erdiko zerbitzua –alojamendua, afaria, gaua eta gosaria– hartzea gomendatzen diete ibiltariei.
Ibiltarien profila
2014an 31 pertsonak osatu zuten ibilbidea, eta 2015ean, momentuz 28k egin dute. «Goierrin betidanik izan dugun turista jatorria nagusitu da: kataluniarrak, madrildarrak, valentziarrak eta andaluziarrak». Eta profil klasikoa bikote bat edo bikote batzuena dela dio Zeberiok. «Adin ertainekoak dira, 35-55 urte artekoak, fisikoki ondo daudenak eta mendian ibilitakoak. Gastronomiarekiko, Idiazabal Gaztarekiko eta euskal kulturarekiko interesa dutenak dira gehienak».
Martxoan Bartzelonako sei lagunek egin zuten; maiatz hasieran Tarragonako lauk; ekain hasieran Tuterako jubilatu batek, eta bukaeran Parisko bi gizonek; eta uztail erdialdean Gironako laukote batek eta Saguntoko (Valentzia) 11 lagunek. «Saguntoko Udalarekin kudeatu genuen paketea». Eta
abuztu-irailerako 68 bisitari dauzkate hitzartuta. «Sevillako mendizale elkarte bateko 36 lagun etorriko dira abuztuko lehen astean. Alojamendua ibilbidetik kanpo izango dute, eta Joxe Ramon Agirre
Marron-ek egingo dizkie gida lanak sei etapetan». Terrassako (Bartzelona) 12 lagunek ere egun bertsuetan egingo dute bidea, eta abuztuaren erdialderako Alemaniako bikote batek kontratatu ditu zerbitzuak. «Eta irailaren erdialdean Tarragona mendizale elkarte bateko 16 pertsona etorriko dira. Sei etapak egingo dituzte, baina 4 gau soilik. Pare bat egunetan bi etapa egin beharko dituzte».
Gironakoen esperientzia
Zeberio «oso-oso gustura» dago ibilbidea izaten ari den harrerarekin, eta jendea ere «pozik» ikusten du bizitako esperientziarekin. «Aurrera begira dugun asmoa deszentralizazioa da. Udan egiteko ibilbide bat bezala ikusten du jendeak, baina gure asmoa eskaintza beste urtaro batzuetara zabaltzea da». Mendi elkarteak-eta urteko egutegietan ibilbidea sartzen ari direla dio. «Horrek oihartzun handia ematen du, eta sortzen duen eragin ekonomikoa ere handia da».
Vicenta
Senti Serranok uztail erdialdean osatu zuen ibilbidea beste hiru lagunekin batera. «Ibilbidea asko gustatu zait, bereziki
Urbia ingurua, eta Aralarko etapa, Lizarrustin hasten dena. Oinez zoaz, eta artzain txabolen ondotik pasatzen zara, baserrietatik, artaldeak ikusten dituzu, behiak, zaldiak… Zuen mendiak oso politak dira, ez gureak bezain handiak, baina ez duzue zertan gure inbidiarik izan beharrik».
Lagun batek eman zion iazko udan ibilbidearen berri, eta neguan «dena aztertu» ondoren, uda gerturatu ahala Goierrira etortzeko lagun bila hasi zen.
«Argazkietatik bakarrik» ezagutzen zuen Euskal Herria, eta «arreta berezia» eman dio inguruak: «Mendiak, zelai berde-berdeak, herri txikiak… Zuen ingurua ezagutzeko gogoa banuen, eta ibilbide honek horretan lagundu dit».
Itzuliko dela argi du Serranok, herriak-eta gehiago ezagutzeko gogoz itzuli baita Kataluniara: «Asteburu luzeren bat izanez gero, herri txiki horietako batera joango naiz».
Jende «abegikorra» topatu duela ere adierazi du, «oso jatorra». Eta Idiazabal Gazta ere probatu du. «Pikantetxo puntua du, baina oso goxoa da». Ingurukoei ibilbidea gomendatuko die, «dudarik gabe».
Gaztaren ibilbidea. Sei etapa
1. etapa. Segura-Mirandaola. Distantzia: 12,6 km; Iraupena: 4 ordu eta 25 minutu; Zailtasuna: ertaina.
2. etapa. Mirandaola-Arantzazu. Distantzia: 12 km; Iraupena: 4 ordu eta 45 minutu; Zailtasuna: ertaina.
3. etapa. Arantzazu-Etzegarate. Distantzia: 20,7 km; Iraupena: 7 ordu eta 35 minutu; Zailtasuna: handia.
4. etapa. Etzegarate-Lizarrusti. Distantzia: 14,5 km; Iraupena: 5 ordu eta 40 minutu; Zailtasuna: ertaina.
5. etapa. Lizarrusti-Ordizia. Distantzia: 22,93 km; Iraupena: 7 ordu eta 55 minutu; Zailtasuna: handia.
6. etapa. Ordizia-Segura. Distantzia: 13 km; Iraupena: 3 ordu eta 55 minutu; Zailtasuna: ertaina.