Granadako espetxean dago preso politiko beasaindarra, etxetik 850 kilometrora .Familiaren eskariz aurkeztutako testuak, sakabanaketa salatu eta Apaolaza gerturatzeko eskatzen du
Apaolaza atxilotu zutenean, 2007an, Beasainen egindako elkarretaratzea
Iban Apaolaza preso politiko beasaindarraren egoera aztertuko du bihar Beasaingo udalbatzak. Haren senideen eskariz, mozio bat aurkeztuko dute osoko bilkuran. Testuak, preso politikoek bizi duten sakabanaketa salatzeaz gain, Apaolaza Zaballako espetxera gerturatzeko eskaera jasotzen du.
Granadako espetxean dute preso Apaolaza, Beasaindik 850 kilometrora. Ekainaren 22an, familia izan zuen; hura ezagutu zezan, Euskal Herrira etortzeko baimena eskatu zuten haren senideek, eta bi astez luzatu bazen ere, uztailaren 10ean Zaballako espetxera ekarri zuten. Apenas bi aste egin zituen han Apaolazak, hilaren 24an, lehendabizi Valdemorora eta gero atzera Granadara eraman baitzuten.
Juan Mari Apaolaza Ibanen aitak azaldu duenez, «beraien legeak jasotzen duena» betetzea eskatzen dute; hau da, preso bakoitzak bere familiarengandik gertuen egoteko duen eskubidea. Lege hori, ordea, ez da betetzen euskal preso politikoen kasuan. Sakabanaketak beraien bizimodua erabat baldintzatzen duela azaldu du Juan Mari Apaolazak. «Guretzako semea preso izatea izugarri gogorra izateaz gain, bidaiak daude, horrek suposatzen duen arriskuarekin eta gastu guztiekin».
Duela aste batzuk, EH Bildurekin eta Aitor Aldasoro alkatearekin bildu ziren Apaolazaren senideak, haren egoeraren berri emateko. Denen partetik «oso jarrera ona» jaso dutela azaldu du Juan Mari Apaolazak. «Zer eskatzen genuen azaldu genien eta testu bat adostu zezatela eskatu genien». Bi taldeen jarrera ikusita, plenoak mozioa onartzea espero dute orain.
Sakabanaketa «zigor gehigarria» dela salatzen du testuak, «senideak etengabeko arriskuan» jartzen dituelako. Umeak tartean daudenean, banantze hori «oraindik ere krudelagoa» egiten dela dio. Hala, espetxe zuzendaritzari Apaolazaren egoera pertsonala kontuan hartu eta zigorra Zaballako espetxean bete dezala eskatuko diote.
Organoak eta estatutuak
Osoko bilkuran, beste hainbat gai landuko dituzte. Batetik, Loinatz Musika Eskolaren, Udal Euskaltegiaren eta Kirolaren Udal Fundazioaren gobernu organoak eta estatutuak berrituko dituzte. Beasain Lantzeneko eta Goiekiko ordezkariak ere izendatuko dituzte. Bilkura bihar izango da, 19:00etan.