Uztaileko azken azoka egunean, berotegitik kanpo hazitako lehen tomate aleak agertu dira.
Kontxi Arizaga, atzo. Aire libreko lehen tomateak ekarri zituen, eta 09:00etarako salduak zituen denak.
Azkenean! Jendea zain zegoen eta deseatzen ere bai. Itxuraz lehen tomatea aleak politenak ez izan arren, oso harrera ona izan zuten, eta 09:00etarako ia denak salduak zituen Kontxi Arizaga zalbidiarrak: «Berdeenak, hiru ale hauek besterik ez zaizkit gelditzen!».
Kiloa 4 euroan zen salgai. Lehen babarrun zuri freskoekin batera zituen salgai: «Aurten ez da alea behar bezalakoa egiten ari, euri eskasa izan dute. Orain beltzarentzat ea portatzen den, izan ere lehorteak ez dio aleari behar bezala handitzen laguntzen, euria eta eguzkia dena behar bere neurrian, hor komeria!», zioen Arizagak ohikoa duen baikortasunarekin.
Beregandik hurbilean jarri ohi den Errezilgo Joxe Antonio Aizpuru berriz ere etortzen hasi da. Sagarra izaten du bereziki salgai, baina denboraldiari lekekin hasiera eman dio.
Laster izango omen ditu lehen sagarrak.
Pipermina merkatu
Prezioetan aldaketa nabarmenena aipatze aldera, piperminaren merkatzea, asko baitago (6-8€/k). Leka, aldiz, urriago dago. Kanpokoa garestitu da, eta hemengoa aste honetan antzera saldu badute ere, garestitu daitekeela dabil ahoz aho. Frutetan joan zen asteko aukera murriztu egin da; aran zuri eta beltzik ez. Datorren astetik aurrera Amaia Alkorta Idiazabalgoak basakanak ekarriko ditu.
Oso urri dabil mikologia eskaintza.
Zizahoriak besterik ez –60 kilo– 20 euroan zituen Lasak salgai. Zaldibiako Asun Etxeberriak bi kilo ekarri zituen.
Valentziako moskatela
Kanpokoetan, mahats garaiari hasiera emanez, Valentziako moskatela zegoen salgai, 3,5-5 euro artean.
Uztail edota garagarrilari aho zapore onez adio esateko, Siglo XX harategiko Maialen Zufiriaren barazki hanburgesak,
12 produktu 12 hilabete kanpainan sukaldari gonbidatua bera izan baitzen. Irailean udazken ukituarekin itzuliko gara;
Euskal Jaietako feria berezia 9an izango da aurten.