Oinezkoek lehentasuna edukiko dute Legazpiko Kale Nagusian, azarotik aurrera
Legazpiko Udala Kale Nagusia oinezkoentzako egokitzen ari da. Obraren lehen zatia ekainaren 1ean hasi zen eta bost hilabeteko epean bukatzea espero dute. Dena bide onetik doanez, lehen zati hau azaroan inauguratuko dutela uste dute.
Lehen zati honetan farmaziatik elizara doan tartea egiten ari dira. Hoditeria berritzen ari dira eta ondoren lurzoru guztia altuera berean jarriko dute. BBVAren bulegoko aldean hasiko dira eta Eroskikoan bukatu.
Moyua enpresa da obra egiten ari dena. Aurrekontua 567.000 eurokoa da (BEZ barne). 461.000 euro Legazpiko Udalak jarriko ditu. Gipuzkoako Urakek, berriz, 106.000 euro jarriko ditu. Farmaziatik herri irteerara doan zatiari dagokionez, udalak bideragarritasuna aztertu behar du.
Kale Nagusia Mugikortasun Planaren barne berritzen ari dira, oinezkoei eta txirrindulariei lehentasuna emateko eta herriko kale garrantzitsuenari bizia emateko.
Mugikortasun Planaren barne, baita ere, aste honetan bertan Juanastegi kalea eta San Inazio auzoa lotuko dituen igogailua inauguratuko dute. Herriko bigarren igogailu publikoa da. Lehenengoak kultur etxea eta Juanastegi lotzen ditu. Orain egiten ari diren hau bestearen parean dago.
Orain arte, Legazpiko goialdeko auzoetako bizilagunek eskailerak eta aldapak igo behar izan dituzte herrigunetik etxera joateko eta aurrerantzean igogailuan igo ahal izango dira. Olazabal institutuko ikasleek ere eskertuko dute, aste honetan inauguratuko duten igogailua ikastetxe ondoraino heltzen baita.
Mugikortasun Plana 2008an aprobatu zuten eta Legazpik aurrerapauso nabarmenak eman ditu bere eskutik. Izan ere, azken urteotan egitasmo garrantzitsuak atera dira aurrera: bidegorria, Laubide eta Nafarroa kaleen peatonalizazioa, Junetorri autobusa eta kultur etxea eta Juanastegi lotzen dituen igogailua, besteak beste.
Kale Nagusia oinezkoentzako egokitu ondoren, epe laburrean, udalak ez du mugikortasunarekin lotutako obra gehiago egingo. «Aurrera egin aurretik, Mugikortasun Planaren balorazio bat egingo dugu herritarrekin batera. Beraien iritzia jaso nahi dugu», aipatu Eric Galvez Hirigintza zinegotziak.
Mugikortasun Planeko obra guztiak ez dira udalaren ardura, ordea. Udalak tren geltokia ere berritu nahi du eta hori Adifen eskuetan dago. «Apeaderoa geltoki izatera pasatzea nahi dugu. Egitasmoa onartuta dago, baina oraindik ez dakigu obra noiz egingo duten», azaldu du.