Ormaiztegik 1615eko otsailaren 4an eskuratu zuen hiribildu titulua. Herriaren lehenengo aipamena 1053koa da, kontratazio batekoa. 1384ko martxoaren 22an Segurari lotu zitzaion, lapurren eta ahaide nagusien erasoetatik defendatzeko. 231 urte egon zen Segurako foruaren eta alkatearen menpe. Mugarriak, herri mendiak eta ondasunak mantendu zituen bien bitartean, ordea.
Herri antzerkia egin zuten Ormaiztegin, apirilean. / Angel Elortza
Gainontzeko herriek bezala, Ormaiztegiko auzotarrek ere Filipe III.aren Koroari ordaindu behar izan zioten, tituluaren truke. Denera 3.075 dukat kosta zitzaien, 123 eskubidedun auzotarreko 25na dukat. Alderaketarako, On Kixote eleberri garaikidean azaltzen denez, mediku batek urtean 300 dukat irabazten zituen; idi on batek 15 balio zuen, eta txekor batek, 5 dukat.
Garesti ordaindu eta atera zitzaien, hala eta guztiz. “Ormaiztegi zorrak itota geratu zen, mailegua maileguaren atzetik eskatu beharrean. Burua altxatu ezinik ibili ziren gure arbasoak urtetan, eta okerrena mendearen bukaeran etorriko zen: gosete izugarria”, idatzi du Elixabete Garmendia kazetari ormaiztegiarrak BERRIAn, 1615 iritzi zutabean.
Bi urterako, elkartuta atzera
Hala, hiribildu titulua besapean, Ormaiztegik 1615 bukaeran hartu zuen zegokion eserlekua Batzar Nagusietan. Baina 1617an San Estebango Batasuna eratu zuen Astigarreta, Gudugarreta, Zerain eta Mutiloarekin, batzarretako ordezkariaren gastuak gutxitzeko eta herri txiki gehiagorekin batuta eragin indarra irabazteko. 1637an Zegama gehitu zitzaien taldean, eta 1679an Areriako alkatetza nagusira aldatu zen Ormaiztegi —garai hartan antzeko helburuak zituen elkargoak—.
Ormaiztegi xx. mende hasieran / GureGipuzkoa
Galera ekonomiko eta soziala saihesteko Seguraren ingurumarira joan zen, eta larrutik ordaindu zuen bi mende geroago ere askatasuna. Dirurik ez artean, eta “ola bat eraikitzeko, eskribauari ordaintzeko, 1625ean Behobia defendatzera joan behar zuten soldaduentzat bolbora, soka eta abar erosteko” eskatu behar izan zuen, Garmendiaren arabera.
Hiribildu tituluak berekin ekarri zizkion, hala ere, alkatea izendatzeko eskubidea, eta jurisdikzio zibila eta kriminala. Hala, 1700ean, goseteari aurre egiteko, udalak sei idi jartzeko modua eta ahalmena izan zuen, herritarrek jango bazuten. Gariaren prezioa hirukoiztu egin zen urte hartan, espekulazioagatik: anegako 30 errealetik 100era, bi hilabetean.
Historia, antzezlan
Laurehungarren urteurrena herri antzerki batekin ospatuko zuten Ormaiztegin apirilean. 50 herritarrek baino gehiagok antzeztuko zuten zortzi eszenako istorioa, kuadrillaka eta taldeka antolatuta. 1615ekoa izango zen agerraldi nagusia, urte hartako apirilaren 25ean hartu baitzuten kargua udal agintariek, estreinako aldiz. Antzerkiaren eguna, efemerideagatik aukeratu zuten.
Herriko historian gordeta gelditu diren kontu ugari antzeztu zituzten ormaiztegiarrek. Gidoiaren idazketa ere haiek egin zuten: “Jasotako pasarte historiko guztietatik, grazia gehiena edo txinparta pixka bat zeukatenak hartu ditugu. Horrela osatu da gidoia, pixkanaka”, zioen Aitor Iraeta zinegotziak.
Musikak indar berezia hartuko zuen, gainera. “Abestiak landu ditugu. Herriko gazte batek, Lide Telleriak, lehen aldiz parte hartuko du horrelako obra batean, bakarlari bezala. Eszena nagusiaren sarrera emango du. Gero, herriko abesbatzak hiru ekarpen egingo ditu. Atal bat bertsotan ere izango da”, zioen orduan. Iraganeko laztasunak ospakizun giroan gogoratuko zituzten 2015eko ormaiztegiarrek. Historiak bere kostua izan ostean.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.