Ezkerreko zein eskubiko harroin bezala joka dezake, eta ondo ezagutzen du Espainiako Ohorezko Liga
Agustin Ortiz, Altamira estadioan. Arg.: ORE
Ampo Ordizia errugbi taldeak Agustin Ortiz Crivelli jokalari argentinarra fitxatu du, eta dagoeneko aurre-denboraldiko lehen entrenamenduetan parte hartzen ari da. Ortizek Gipuzkoan egin behar ditu ikasketak, eta gertutasun hori dela eta, Ordizian jokatzeko aukerari ez dio muzin egin. Ezkerreko zein eskubiko harroin bezala joka dezake Ortizek, oso dinamikoa da eta postu batera ala bestera egokitzeko erraztasuna du.
Kepa Korta presidentearen esanetan, taldea eta jokamoldea berrituta ilusioa berpiztu nahi du Ordizia Rugby Elkarteak datorren denboraldian.
Valentziako Les Abelles taldearen eskutik egin zuen debuta Ortizek Espainiako Ohorezko Errugbi Ligan, 2008-09 denboraldian. Ondoren, Bizkaia Gernikan jokatu zuen beste bi urtez, eta Frantzian aritu zen segidan, Peyrehoraden. 2013-14 denboraldian Santanderko Indepediente taldearekin Espainiako ligan jokatu zuen berriz, eta iaz, Frantziara itzuli zen, Nafarroako Federale 1era. Errugbi eskolako entrenatzaile ere aritu zen iaz.