Aurrez ere Mexikoko Estudiantes Tecos talde mexikarra gidatu zuen entrenatzaile beasaindarrak
Pako Aiestaran, joan den ekainean, Goiberri aldizkariak Beasainen egin zion elkarrizketa batean. Arg.: Mikel Albisu
Pako Aiestaranek (Beasain, 1963) Mexikoko Santos Laguna taldea entrenatuko du. Atzo arratsaldean jakinarazi zuen klubak beasaindarraren fitxaketa. Santos Laguna Mexikoko egungo txapelduna da, baina denboraldi berriari ez dio behar bezala ekin, lehen bost partidetatik lau galdu eta bat irabazita, azken postuan baita sailkapenean. Pedro Miguel Faria
Caixinha entrenatzaile portugaldarraren tokia hartuko aulkian Aiestaranek. Klubak ez du zehaztu kontratuaren iraupena, baina Mexikoko prentsaren arabera, hiru urtekoa izango litzateke.
Mexikoko liga ondo ezagutzen du Aiestaranek, 2013-2014 urtean Estudiantes Tecos talde mexikarra gidatu baitzuen. Aurreko denboraldian Tel Aviceko Maccabi taldea entrenatu du, eta liga, kopa eta Toto kopa irabazi ditu.
Goiberri aldizkariari ekainean eskainitako elkarrizketan aipatu zuen bere azken helburua Europako talde batean arrakasta edukitzea dela. Momentuz, itxaron egin beharko du erronka horrek.
90eko hamarkadan Osasuna eta Extremadurako entrenatzaile laguntzailea izan zen Aiestaran, Rafa Benitezen –gaur egun Real Madrileko entrentzailea– aginduetara. Harekin batera, Tenerifen, Valentzia eta Liverpoolen ere aritu zen, eta Ingalaterrako taldearekin Txapeldunen Liga ere eskuratu zuen. Quique Sanchez Floresekin Portugalgo Benfican eta Arabiar Emiratu Batuko Al Alhi taldearekin jardun zuen. Unai Emeryren laguntzaile ere izan zen urtebetez Valentzian.
Aurkezpena larunbatean
Santos Laguna taldean bere konfidantzazko hiru lagunekin arituko da lanean: David Caneda bigarren entrenatzailea, Jose Viela prestatzaile fisikoa eta Jon Zabala atezainen entrenatzailea. Klubak iragarri duenez, larunbatean egingo dute Aiestaranen aurkezpena Corona TSM estadioan.