Charles F. Henningsen eskoziarrak ondutako lana 1836. urtearen hasieran argitaratu zen lehenengoz Londresen

Henningesenek egindako akuareletako bat.
Karlisten alde borrokatzera boluntario etorritako Charles F. Henningsen eskoziar gazteak urtebetez Zumalakarregiren alboan bizitakoak biltzen dituen
Doce meses de campaña con Zumalakarregi. The most striking events of a Twelvemonth’s Campaign with Zumalacarregui in Navarre and the Basque Provinces liburua berrargitaratu du Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak Nevadako Unibertsitatearekin elkarlanean.
Liburu hori Londresen argitaratu zen aurrenekoz 1836. urtearen hasieran, Tomas Zumalakarregi hil eta urtea bete aurretik. Egileak general karlistaren ondoan pasatako esperientzia jasotzen du liburuan, eta garaiko Euskal Herriaren deskribapena ere egiten du. Jatorrizko testuaz gain, Roman Oiartzunek 1937an egindako itzulpena ere jasotzen du argitalpen berriak, baita Henningsen berak kanpainan zehar egindako hamaika akuarelen erreprodukzioak ere.
Renoko unibertsitateko irakasle eta euskal ikasketen arduradun Xabier Irujo arduratu da argitalpenaz. Abuztuaren 7an aurkeztu zuen liburua Irujok Koldo Mitxelenan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendari berria, Mari Jose Telleria, eta Zumalakarregi Museoko Dokumentazio Zerbitzuko arduradun Mikel Alberdi ondoan zituela.