Barrua eta kosta, ondare
Ohikoenari heltzen diote erromesek Donejakue bidea egitean, Frantziako bideari, alegia. Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) abiatu eta Nafarroa zeharkatuta, Santiago de Compostelara iristen da bidea. 1993an izendatu zuen Unescok ondare, eta ohikoena izaki, masifikatu egin da. Handituz doa, ordea, bestelako bideetatik jotzen duten erromesen kopurua. Kostaldeko eta barrualdeko bideen hautua areagotu egin da azkenaldian, eta hala batak nola besteak bete-betean ukitzen dute Gipuzkoa. Bi bide horiek ondare izendatu berri ditu Unescok.
Frantziako bidearen ondotik doa kostaldeko bidea erromes kopuruan. Irun-Hondarribia lotura bete ondoren, Gipuzkoako kostaldearen ertzetik Mutrikuraino doa, eta handik Markina-Xemeinera (Bizkaia). Historialari batek baino gehiagok dio bidearen trazatu guztien artean zaharrena dela. Garai batean erromesek gehien egiten zuten bidea zen, gainera.
Barrualdeko bidea, berriz, Europa iparraldea eta Espainiako goi ordokia lotzeko bide nagusia zen erromesak Donejakue bidea egiten hasi aurretik ere. Irunen abiatu, eta Hernanitik egiten du barrualderantz. Zegamatik gora, San Adriango koba iraganda hartzen du Aguraingo (Araba) norabidea.
Orion interpretazio zentroa
Barruko bideak zein kostaldekoak lau bat etapa egiten dituzte Gipuzkoan. Kostaldeko bidea aukeratzen dutenen erromesaldiaren lekukoa da Rakel Arrieta Orioko turismo bulegoko informatzailea. Donejakue bidearen interpretazio zentroa dute herrian. “Donejakue bidea ez dugu egun asmatu bisitariak erakartzeko; Oriotik aspaldi pasatzen ziren erromesak. San Martin ermita, San Nikolas eliza eta alde zaharra bideari lotuta daude”.
Kostaldeko bidea ez da samurra. Erromesek itsasbazterreko desnibelak gainditu behar dituzte, eta ez dira gutxi bidean aurkitzen dituzten errekak. Garai batean, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba ibaien bokaleak traba bilakatzen ziren bidean, besteak beste, errekak igarotzeko ordaindu egin behar zelako toki batean baino gehiagotan —Orion, Oria erreka pasatzeagatik ez zuten ezer ordaindu behar—. Erromesek atseden hartzeko ospitalea ere bazegoen; “bat baino gehiago bertan zendu zen”. Oriok, horrenbestez, badu Donejakue bidearekin lotura berezia.
Erromesen jatorria
Iaz 2.310 erromes pasatu ziren Orioko turismo bulegotik. “Zenbaki horretan ez daude, halere, herrian geldialdia egin zuten erromes guztiak”. Aurten, 1.120 zenbatuak dituzte. Katalanek, madrildarrek, frantsesek, alemanek eta azkenaldian gero eta estatubatuar gehiagok egiten dute bidea. Zenbatuen artean badira, baita ere, Korea, Japonia eta Zeelanda Berritik iritsitakoak ere.
Jatorriak badu harremana erromesek bideari ekiten dioten tokiarekin. Arrietaren arabera, kostaldeko bidea gehienek Hendaian (Lapurdi) edo Irunen hasten badute ere, badira Erresuma Batutik, Frantziatik, Suitzatik, Suediatik, Alemaniatik eta Poloniatik oinez datozenak ere.
Arrietak galdetzen dienean kostako bidea zergatik aukeratu duten, honako hau izan ohi da erantzuna: “Itsaso ondotik joan nahi dutela edo Frantziako bidea masifikatuta dagoenez kostaldekoaren lasaitasuna bilatzen dutela esaten dute gehienek”.
Baliabideei dagokienez, kostaldeko bidea gaur-gaurkoz barrualdekoa baino hobeto hornituta dago. Barrualdekoaren trazatuak Beasaingo erromesen aterpetxea hartzen du. Aizkorriko mendi magalean barrena egin aurretik, han hartzen dute atseden. Aterpetxea Igartza multzoan kokatuta dago, eta han berritzen dituzte indarrak barrualdeko bidea aukeratu duten erromesek.
Santiago apostoluaren itzalean edo Esne Bideari segika, Donejakue bidea erlijiotik harago doala agerian uzten dute erromes datuek eta haien soslai askotarikoak. Aurretik Gipuzkoa barruko zein kostako parajeak ondare baziren, orain ondareago.