Legazpira itzultzeko autobus zerbitzua egongo da ostiral eta larunbat goizaldeetan
![Haurrentzako jolasak izango dira larunbat arratsaldean](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/08/Brinkolako_jaiak.jpg)
Haurrentzako jolasak izango dira larunbat arratsaldean
Iritsi da abuztuko azken asteburua eta Legazpiko Brinkola auzoan prest daude beren jai nagusiak ospatzeko, sanagustinak. Aurten, hilaren 28an, 29an eta 30ean ospatuko dira festak, eta garai batean bezala, autobus zerbitzua egongo da ostiral eta larunbat goizaldeetan, Legazpira itzultzeko. Aurtengo jaietan, gainera, larunbat iluntze-gauean karpa inguruan afaltzeko aukera izango da. Antolatzaileek mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte, eta Elbokile food truck edo furgonetan hanburgesak, kebap eta bestelakoak erosi ahal izango dira. Edaria, berriz, txosnan egongo da salgai.
Bestelakoan, ohiko egitaraua prestatu dute auzotarrek aurtengo sanagustinetarako. San Agustin egunean bertan hasiko dira jaiak, abuztuaren 28an, eta jubilatuei eskainitako meza eta bazkaria izango dira lehenik. Jaiak amaitzeko, berriz, haurrentzako txerri harrapaketa igande arratsaldean. Tartean, ekintza ugari: bertso-afaria, erromeria, rock kontzertua, haurrentzako joku eta puzgarriak, tortila lehiaketa, sardina eta txistorra dastaketa, dantzaldia, bolo eta toka txapelketak, herri kirolak…
Rock jaialdi handia izango da aurten. Ostiralean izango da, gaueko 23:30etan hasita, eta Gabezia, Taupada, Yaman Brothers eta Sukarra taldeak arituko dira jotzen. Igande arratsaldean egingo den herri kirolen erakustaldia ere aipatu behar da, ikusgarria izango dela iragarri dute eta antolatzaileek. Inaxio Perurena harrijasotzailea eta Fausto Mugerza aizkolaria izango dira protagonista. Perurenak, 270, 250 eta 200 kiloko harriak altxatuko ditu esku batekin, eta 111 kiloko esferikoa bi eskukin. Mugerza aizkolariak, berriz, ebaketa bertikala egingo du altueran, bost metrotara, eta bi metroko diametroa duen enborrarekin ere arituko da.
Jai hauek Brinkolako Jai Batzordeak antolatzen ditu auzotarren laguntzarekin. Legazpiko udalak diruz laguntzen ditu, eta baita herriko zein inguruko hainbat merkatari, tabernari eta enpresarik ere.
BRINKOLAKO SAN AGUSTIN JAIAK 2015
ABUZTUAK 28, OSTIRALA SAN AGUSTIN EGUNA
12:30 Meza. Ondoren, auzoko jubilatuen bazkaria
16:30 Auzoa apaindu eta txokolatada
20:00 Txupinazoa eta ikurriña jartzea Armuño Elkartean
21:00 Auzo afaria, Elustondo anai-arrebak trikitilariekin eta ANJEL MARI PEÑAGARIKANO eta SEBASTIAN LIZASO bertsolariekin. Afalostean, erromeria Elustondo anai-arrebekin
23:30 Rock kontzertua: Gabezia, Taupada, Yaman Brothers eta Sukarra
Goizaldean, Txokolatada eta autobusa Legazpira itzultzeko.
ABUZTUAK 29, LARUNBATA
12:00 Marrazki lehiaketa
17:00 Haurrentzako jolasak, buruhandiak, bola eta toka txapelketa
18:00 Patata-tortilla lehiaketa, sardina eta txistor-jana, sagardoarekin
19:30 Disko festa Movidisk-ekin
23:30 Disko festa Movidisk
02:00 Txerri harrapaketa
Goizaldean txokolatada eta autobusa Legazpira itzultzeko.
ABUZTUAK 30, IGANDEA
11:00 Meza. Ondoren, omenaldia auzotarrei eta kantu saioa
16:30 Haurrentzako puzgarriak
18:00 Xabino eta Ander trikitilarien kalejira
18:00 Bola eta toka txapelketak
18:30 Herri kirol erakustaldia: Inaxio Perurena harria jasotzen eta Fausto Mugerza aizkoran
20:00 Haurrentzako txerri harrapaketa