Denis Itxasok "bikaintzat" jo ditu Gipuzkoako uztaileko turismo datuak
Kalitatea babestu beharra dagoela ohartarazi du, "urrezko arrautzak erruten dituen oiloari zintzurra ez mozteko"
Eustatek abuztuaren amaieran ezagutzera eman dituen turismoaren datuak “bikainak” direla azaldu du Denis Itxaso Kultura eta Turismo diputatuak. “Datu horiek uda honetan guztiok partekatzen ditugun sentsazio onak berresten dituzte: tabernariek nahiz ostalariek, erakundeek eta turismo baliabideek, denok ikus dezakegu Gipuzkoa helmuga erakargarri, kalitatezko eta atsegin gisa finkatzen ari dela, eta sortzen dituen usteak betetzen dituela”, esan du.
Turismo Departamentuko arduradunaren arabera datuak “oso onak” dira, bisitarien kopuruak gora egin baitu, “nahiz eta Gipuzkoako okupazio indizeak lehendik ere oso altuak izan”.