San Joan Txiki eguna ospatuko da larunbatean Olaberrian
Udalak erronka bota die herritar batzuei demarriaren kontura
Jaieguna izango dute larunbatean, hilak 29, Olaberrian, San Joan Txikiren ospakizunaren aitzakian. Goizeko 11:00etan hasi eta gaueko ordu txikiak arte luzatuko da ekintzaz betetako eguna.
Meza izango da hasteko, 11:00etan, eta hamaiketakoa gero, 12:00etan. Hori amaitu eta berehala, 13:00etan, San Joan Txiki egun honetako ekitaldi nagusietako bat: Udalak herritar batzuei egindako erronka, hain zuzen ere. Jose Anjel Munduate, Iñigo eta Agustin Agirre, Manuel Mosteiro, Eneko Etxeberria, Jokin Arratibel, Joseba Elosegi eta Javi Amoztegi dira herritar horiek, eta demarria bere lekura itzuli beharko dute inolako laguntzarik gabe.
Arratsaldean izango du jarraipena jai giroak Olaberrian, eta 15:30etatik 20:00etara jolas parkea egongo da irekita txikienentzat.
Kirolerako tartea ere izango da, eta 18:00etan hasita, pilota partida jokatuko dute Ataungo Zubizarretak eta Asteasuko Aizpuruk osatutako bikoteak, Legasako Anso eta Beasaingo Garmendiaren aurka.
Buruhandi eta trikitilariak kaleratuko dira 19:30etan, eta 20:30etan txerriboda eta sagardo dastaketa egingo dira. Egunari amaiera emateko, dantzaldia izango da Dj baten eskutik.