Gibelurdinak eta onddoak aukeran Lasaren postuan
Abuztuko azkeneko azoka da gaurkoa Ordizian, eta, gehienentzat oporrak amaituta, saltzaileen aldetik ia bete betea agertu da plaza, bai barrutik baita kanpotik ere. Erosleak eta bisitariak ere ugari izan dira, goiza aurrera joan den heinean batez ere.
Produktuen artean, berriz, garai honi dagozkionak nagusitu dira, eta bertakoen atalean, tomatea izan da esanguratsuena, kantitatearengatik alde batetik eta barietatearengatik bestetik. Barietateei dagokienez, Baliarraingo Edurne Jauregik aurkeztu duen saski ederra aipatu behar da, hamaika klase desberdin elkartu ditu eta bertan: Jack, idi-bihotz, gerezi tomatea, udare tomatea, piper tomatea, Montserrat, beltza, Tudelako ‘itsusia’… Bataz besteko prezioa kiloko hiru eurokoa izan da. Tomateraekin batera, lekak (3-5 €), pipermina (6-8 €), babarrun zuri freskoa (10 €), kalabazina (1-2 €), kalabaza (2-3 €)… izan dira nagusi. Lehenengo pikuak ere aipatu behar dira, Aramatik ekarriak, kiloa 4 euroan.
Gibelurdina eta onddoa
Perretxikuetan ere izan da aipatzekorik, gibelurdina hain zuzen ere. Bertako 90 kilo jarri dira salgai, 18-25 euroan. Onddoak ere ugari izan dira, bertakoak 70 kilo, 12-30 euroan, eta kanpokoak 40 kilo, 30 euroan. Ziza horiak ere izan dira, Frantizatik ekarriak, 50 kilo 20 euroan, eta bi kilo gorringo, 30 euroan.
Kanpoko produktuen artean, nobedadeak. Lehen mandarinak agertu dira, Valentziakoak. 3,25 eta 3,5 euro artean. Udare tomatea ere bai, potetan sartzekoa, 0,5 eta 1 euro artean kiloa. Mahats aukera ere zabaldu egin da, eta moskatelari (1,95-3,95 €), Errioxako garnatxa barietatea, beltza, (2,95-3,5 €) eta Lavalle beltza (1,25 €) gehitu zaizkio.