Garikoitz Nazabal: «Gizarteak ez du baserritarron lana behar bezala baloratzen»
Esne ekoizpenerako kuotaren galeraz, lehen sektorearen egoeraz eta administrazioaren jardunaz aritu da Garikoitz Nazabal (Zaldibia, 1984) Gipuzkoako EHNEren lehendakaria. Politika propioak garatzearen alde hitz egin du.
Europak apirilean esne ekoizpenerako kuota kendu ondoren, baserritarren egoera are eta gehiago zaildu dela salatu zenuten abuztuaren 19an egindako agerraldi batean. Zer funtzio bete dute kuota horiek?
Europa mailan esne produkzioa kontrolatzen duten kuotak azken 30 urteetan egon dira indarrean, ekoizpen eskubide batzuk izan direla esango genuke. Baserritar batek hainbat bolumeneko kuota baldin bazeukan, kuota horren arabera produzitu zezakeen esnea. Estatu bakoitzak bere kuotak zeuzkan, eta horrek kontrolatzen zuen ekoizpena. Prezio batzuk bermatzeko ere balio izan dute, eta baita merkatua erregulatzeko ere.
Eta zer suposatu du kentzeak?
Kuota horrek industriari ere betebehar batzuk jartzen zizkion, produkzioa zeukalako antolatuta era kontrolatu batean. Orain, kuotarik gabe produzitzeko aukera horrek, zikin jokatu nahi zuten zenbait industriari aukerak ireki dizkie. Hori da larriena. Estatu mailan hondamenezko egoera dago orokorrean, Kantauri isurialdean batez ere, Galiziatik Euskal Herrira bitarte. Dena izorratzeko bidean jarri dute, ikusten ari baikara industria eta banatzaile batzuk haien interesen arabera ari direla merkatua eta ekoizpena antolatzen.
Esne kontratuek ez al dute bermerik eman?
Berme izugarriko erreminta bezala saldu zitzaizkigun. Produktorearen eta erostunaren arteko kontratua da. Kontratu horiek prezioak jaisteko eta jendea estutzeko erabili dituzte industriek, orokorrean hitz eginda. Produktore batzuei esnerik ez dietela bilduko ere esan diete, eta gaur-gaurkoz hori da Euskal Herriko esnezale batzuen egoera.
Zein zehazki?
Esnea produktu galdu erraza da, 24-48 orduko iraupena du, eta jendea entregatzera behartua dago. Egoera horretaz baliatu dira zenbait industria prezioak botatzeko. Gestio Zentroaren arabera, esne litroaren ekoizpen kostua 0,35 eurokoa izan zen ekainean bataz beste; batzuk erdiz azpitik ari dira saltzen, eta beste mordoxka bat 0,24 eta 0,28 euro artean.
Euskal Herrian ez daude egoera berean esnezale guztiak.
Maila antolatuago batean ari direnak, bai kooperatibetan edo bestelako taldeetan, zentralekin errespetuzko harreman batean ari dira, adostasunak lortuta. Gipuzkoako esnezale gehienek ez dute bilketarekin arazorik, nahiz eta prezio baxuekin aritu, ia denak kooperatiban kide direnez, eta honek industriarekin hitzarmen hori bai baitauka. Batzuen egoera txarrak, ordea, besteen prezioa ere baldintzatzen du.
Lau-bost hilabete ordaindu gabe utzi dizkieten baserritarrak ere badaude, indefentsio egoeran. Zer dela eta?
Merkatua nahasia dago. Esne biltzaile lana egiten duten bitartekari batzuen figura dago egoera horren atzean. Bitartekari horiek esnea batean edo bestean erosi eta gero kokatzen dute, kontraturik gabe eta ezer gabe. Horren ondorioz, zentralek beraien erantzukizuna kentzen dute, bitartekaria baita zorra ordaintzen ez duena, ez zentrala.
Administrazio bakoitzak dauzkan erantzukizunak har ditzala ere eskatzen duzue.
Bestela zeinek egin behar die jarraipena kontratu horiei, zeinek egin behar ditu bermatzaile lanak? Espainian Lehiakortasun Legea aipatzen dute, prezioei buruz ezin da hitz egin, baina Frantzian 0,34ko gutxieneko prezio bat adostu dute, eta horren bermatzaile lanak gobernuak egingo du. Ematen du Frantziak politika protekzionistak dituela sektorearekiko, eta kontuan hartu behar da Frantzia Europako potentzietako bat dela. Espainian, berriz, lau jauntxok eta lur-jabe handiek kobratzen jarraitzen baldin badute konforme daudela ematen du, eta hau euskal baserritarren kontra doa.
Zer eskatzen diozue Espainiako Nekazaritza Ministerioari?
Egiten duenaren juxtu kontrakoa egitea. Merkatuan parte hartu behar du, produkzioa kontrolatu, eta egoera orekatzen saiatu, produktore guztiak industriaren eta banatzaileen esku utzi gabe.
Eta bertakoei?
Eusko Jaurlaritza zein diputazioei, berriz, erabil ditzatela esku artean dituzten erremintak orokorrean gertatzen ari denari galga emateko. Landa Garapen programak eta antzeko erremintak ere badaude. Hobetzen joan daiteke, eta hor administrazio lokalak ere zeresan handia du.
Zertan adibidez?
Administrazio mailan urrats txiki asko egin daitezke. Burokrazia aldetik, esaterako, itotasun handi bat dago, izugarria da zenbat paper egin behar diren. Neurri txiki askok osotasuna markatzen dute, eta merkatua kontrolatzea zaila baldin bada, joan gaitezen gure esku dauden horiek egitera. Gobernuek herri txikietako bizia eta jarduerak mantentzea sustatu dezakete, eta udalek erraztasunak eman diezazkiekete aktibitate bat hasi edo garatu nahi dutenei.
Hamar urtean 2.100 baserritik 900era jaitsi da esnearekin lan egin duten ustiategi kopurua. Aktibo horien guztien galera nola gerarazi daiteke?
Hainbat faktoreren pilaketarengatik gertatu da. Batetik, ogibidearen beraren lotura eta gogortasuna dago, eta bestetik, administrazioek ezartzen dituzten politikak. Administrazioak ez du ulertu gure lurrari eta gure lurraldeari egokitutako nekazaritza eta abeltzaintza politika bat behar dugula, nahiz eta eredu horren barruan familia baserri bakoitza bere ezaugarrien arabera moldatu.
Daudenei eutsi ezin, eta gazteak sektorera erakartzeko zailtasunak ere handiak dira.
Gero eta zaharragoa den sektore bat daukagu, eta ez da ikusten belaunaldi aldaketarik. Lanean ezin bada era duin batean aritu, eta ogia irabazteko adina lortzen ez badu, ezinezkoa izango da gaztea sektorera erakartzea. Gizarteak ez du baserritarrok elikagaiak sortzen, lurraldea lantzen eta ingurua mantentzen egiten dugun lana behar bezala ezagutzen eta baloratzen.