Guillermo Aldalur 'Pikua' soinu jotzailea hil da
Gaur goizaldeko 03:00etan hil da Guillermo Aldalur Zabala musikaria, 82 urterekin. Pikua izengoitiarekin ezaguna, Azkoitiko Pikua tabernan jaioa 1933an, soinu jotzaile gisa lortu zuen ospea. Erromeria, festa, ezkontza eta dantzaldi askotan jo izan zuen. Donostia Ospitalean zendu da, azkeneko bi asteetan ingresatuta egon ondoren, osasun arazoengatik.
Azkoitiarra izanagatik, bizitzaren zati handiena Goierrin egin zuen Pikuak. Pepita Izagirre gabiriarrarekin ezkondu, eta Legazpin bizi izan ziren urte askoan. Azken urteetan Lazkaon bizi zen. Gabirian igandero jotzen zuen elizako organoa, mezan. Azkeneko unera arte bete du organo jotzaile lana, azkenekoz Andre Mari jaietan.
Soinu jotzen Pedro Elortzarekin ikasi zuen —koinatua zuen—, Azkoitia jaioterrian. Haren bidez hasi zen erromerietan jotzen. “Koinatuak bidalten ninduen soinua jotzera, Arabara. Lan asko izaten zuen herri txikietan. Garai hartan Araba Gipuzkoa baino hobeto ezagutzen nuen”, gogoratu zuen Pikuak hasiera, 2011n Gipuzkoako Hitzan. Fabrikako lana ere utzi zuen, soinu jotzen ibiltzeko.
Ezkontza askotak soinu jotzaile izan zen, bestetik. Azpeitiko Kiruri jatetxean, adibidez, hari deitzen zioten. Igande arratsaldeetan, berriz, erromeria-lekuetan (Elosu, Gabiria, Aizpurutxon…) aritzen zen. Soldadutza garaian, Radio Madriden ere jo zuen, “Gila umoristarekin”.
Loiola irratian soinua berari grabatu zioten, lehenengo aldiz, 1961ean. “Azkuntzak egin zigun grabazioa. Iturbide zen pandero jotzen. Juergan genbiltzan Kirurin; grabatu egin behar zela eta, denok joan ginen, kuadrillan. Ardo goxoa gailetekin atera, eta zuzenean grabatu genuen, gela batean”.
Pikuaren aldeko hileta elizkizuna Gabiriako Andre Mari elizan izango da, bihar (asteazkena).