Zaldibiako Udalak hasi du Hiri Antolamendu arauak berritzeko prozedura
Abuztuaren 4ko udalbatzarrean onartu zuen Zaldibiako Udalbatzak Hiri Antolamendu Arauen txostenaren aurrerapena. Hurrengo 15 bat urteetarako hirigintza ildoak, herriaren hazkuntza norabidea eta aktibitatea arautuko ditu, behin betiko onartzen dutenean. Orain, hiru hilabetez, jendaurreko erakusketan dago. Helegiterik jasoz gero aztertu eta erantzun ondoren, urtea bukatzerako atzera plenoan lantzea espero du udal gobernuak, azaroan edo.
Zaldibiaren herri kaskoa Urtesabel aldera haztea markatuko dute arauek. Bestetik, Bilore xaboi lantegi zaharraren orubeak industri izaerarekin jarraituko du. Tertziario misto izango da eremua, hala ere; “etxebizitza bat edo beste” egiteko modua izango da, industria erabilerarako uzteaz gain. Landa arloari dagokionez, ez da aldaketa handirik aurreikusi. Gaur egungo jarduera-moduetara egokitzeko, araudia egokituko du udalak, hori bai.
Aurreko agintaldian landu dituzte arauak, eta 2015-19 legealdi hasi berrian, lehen zeregina horiek onartzea hartu du udalak.