Goierri beheko turismo bulegoetatik 12.686 pertsona igaro dira aurten uztail eta abuztuan, iaz baino %4 gehiago; alojamenduen okupazioa %14,8 igo da abuztuan
Igor Eguren eta Niko Osinalde, gaurko agerraldian.
Mezu argi eta garbia zabaldu nahi izan dute gaur eguerdian Igor Eguren Goiturreko presidenteak eta Niko Osinalde zuzendariak Goierri beheak udan izan duen turismo mugimenduaren balorazioa egitean: “
2016an aurtengo datuak hobetzea oso zaila izango da, ia-ia ezinezkoa”. Goierriko turismo bulegoetatik –Ataun, Beasain, Idiazabal, Lizarrusti, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zegama eta Zerain–
12.686 pertsona pasa dira uztail eta abuztuan: 6.261 uztailean eta 6.425 abuztuan, iaz baino
%4 gehiago. Kopurua horiei, Segurako Erdi Aroko festan zenbatu ziren 1.180 bisitariak gehitu behar zaizkiela esan du Osinaldek. Alojamenduen okupazioa ere oso altua izan da, eta
abuztuan 15.786 gaualdi izan dira Goierri beheko hotel, pentsio eta nekazalturismoetan –aterpetxeak zenbatu gabe–,
iazko abuztuan baino %14,8 gehiago.
“Horiek turismo bulegoetan jasotako kopuruak dira, baina turista gehiago ere izan dira, kontutan hartuta turista asko informazioarekin etorri direla, bulegoetatik pasa behar izan gabe. Askok gainera, alojamenduetan aurkitu ahal izan dute informazioa. Aurtengo abuztu oso ona izan da, eta orain arte enpresekin-eta betetzen bagenituen hotelak, aurten ez da horrela izan, eta turistekin bete ditugu.
Alojamenduen okupazioa ia %100ekoa izan da, eta kasu batzuetan %100ekoa. Ehunmilietako asteburutik hasi eta abuztu bukaerara arte, iaz baino 2.000 pertsona gehiago izan dira gure alojamenduetan. Eta datu orokor bat ematearren, aipagarri da
bost urtean %23 igo dela turismo bulegoetatik pasa den turista kopurua“, nabarmendu du Osinaldek.
Turisten jatorria eta bisitaren arrazoia
Aurten ere
katalanak izan dira Goierri behea gehien bisitatu dutenak, eta nabarmen igo da
Andaluziatik etorri direnen kopurua –zortzi probintzietatik–, madrildarrena eta atzerriko estatuetatik etorritakoena: “
30 herrialde ezberdinetako turistak jaso ditugu aurten. Aipatzeko da Frantziako bisitariena. Orain arteko kostan geratzen ziren, eta aurten barrualdera etorri dira asko. Eta Ceutatik eta Melillatik ez dela, Espainiako gainontzeko erkidego guztietako turistak jaso ditugu”.
Egonaldien bataz bestekoa 5 gauekoa baldin bazen iaz,
aurten 7 eta 10 egun bitartekoa izan dela adierazi du Goiturreko zuzendariak, eta batzuk 10-12 gau pasa dituztela. “Jendeak Goierri aukeratu du oporretarako jomuga bezala. Etxetik Goierriko informazioarekin etorri den turista berri asko jaso ditugu, eta esperientzien mapa turistikoa eta senderismoko mapa berriek ere ikaragarri lagundu digute eguneko turistak jasotzeko orduan”.
Trail-estazioak eta GR-283 Gaztaren ibilbidea “sendotzen ari diren produktu turistikoak” direla ere zehaztu du.
Igor Egurenentzat “poztekoa” da horrelako datuak ikustea, eta horrek gauza argi bat adierazten du haren esanetan, Goierrik duen turismo eskaintza eta bisitariek bilatzen dutena bat datozela.