Areto futboleko taldeak antolatu du, hamahirugarren urtez. Hemezortzi garagardo probatzeko aukera izango da, baita alkoholik gabekoa ere. Jatekoa ere eskainiko dute.
Idiazabalgo areto futboleko taldeko jokalariak, atzo. / Maialen Igartua
Idiazabalgo areto futboleko taldeak Garagardo Festa egingo du asteburuan hamahirugarren urtez. Hiru egunez, garagardoa edan eta mokadutxo bat jateko aukera izango da Igarondo pilotalekuan. Bihar, etzi eta igandean izango da Garagardo Festa, 18:00etatik 04:00etara. Bertan afaldu eta parranda apur bat egiteko aukera izango da, hortaz.
Hemezortzi garagardo ezberdin edateko aukera izango da azokan. Besteak beste, Newcastle Brown Ale, Guinnes, Paulaner, Heineken, Murphy’s, Desperados eta Affligen garagardoak izango dituzte.
Alkoholik gabeko garagardoa ere eskainiko dute. Pitxarra bi euroan salduko dute, eta garagardo bakoitza hiru euro eta erdian erosi ahal izango da.
Bestalde,
jateko aukera ere izango da Idiazabalgo Garagardo Festan. Ukondoa, saltxitxak, patata tortila, solomoa, hirugiharra eta haragi brotxetak salduko dituzte, besteak beste. «Aukera zabala dago, eta prezio onean jateko aukera izango da», adierazi du Xabier Santxez areto futboleko jokalariak.
300 lagun inguru bilduko dira
Dagoeneko hamahirugarren urtea da areto futboleko taldeak Garagardo Festa antolatzen duena. Bertan bildutako dirua taldearen aurrekonturako erabiltzen dute. Urtetik urtera sona hartzen joan da garagardo azoka, eta herriko jende asko hurbiltzen da. Santxezen esanetan, 300 bat lagun elkartzen dira Igarondo pilotalekuan, «gehienak herritarrak, baina baita inguruko herrietako batzuk ere».
Jende gehiena biharko eta etzirako espero dute. «
Egun potenteak ostirala eta larunbata izaten dira, igandean jende gutxiago etortzen da», esan du Santxezek.
Idiazabalen areto futboleko
hiru talde daude gaur egun, bi neskenak eta bat mutilena. Hamasei eta 25 urte bitarteko gazteek jokatzen dute talde horietan, guztira 30 inguruk. Halako kiroletan mutilak baino neska gehiago izatea ez da ohikoena izaten, baina Santxezen esanetan, Idiazabalen lan handia egin da nesken taldeak aurrera ateratzeko, eta lan hori bere fruitua ematen ari da.
Azken egunetan buru belarri lanean ari dira denak astebururako Garagardo Festa prestatzen. Izan ere, jokalariak eurak dira dena antolatzen dutenak. Atzo mahaiak eta aulkiak jarri zituzten pilotalekuan, eta gaur ere lanean arituko dira biharko dena prest izateko. Lan gogorrena asteburuan egin beharko dute, ordea. Txandaka, azokan zerbitzatzea tokatuko zaie jokalariei. Dena den, Garagardo Festaz gozatzeko tarteren bat ere hartuko dute, ziur.