Eskulturgile legazpiarrak bere ibilbideko hirugarren erakusketa jarriko du Ordizian. Azken lau urteetan zeramika eta altzairua erabiliz egindako lanak bildu ditu ‘Lorratzak’ erakusketan.
Egunotan lanpetuta dabil Juan Mari Burguera (Legazpi, 1956) eskulturgilea. Azken lau urteotan ondutako lanak biltzen dituen Lorratzak erakusketa prestatzen ari da Ordiziako Barrena jauregian. Gaur azken ukituak eman eta gero, bihar irekiko dute, 18:00etatik aurrera.
Bederatzi urteren ondoren, Ordiziara itzuliko zara. Ondo ezagutzen duzun tokia da.
Esan liteke nire ibilbidean zehar, hamar bat urtez behin erakutsi ditudala nire lanak Ordizian. 2006an izan nintzen azkeneko aldiz, GoiArt saria irabazi eta gero; atzera begirako erakusketa bat izan zen, hamabost bat urte baineramatzan publikoari begira ezer egin gabe. Oraingoak ordea, azken lau urteetan egindako hamaika pieza biltzen ditu.
Barrena jauregia zure ibilbidearen testigu izan da, beraz.
Bai, hiru hamarkadatako ibilbidean hau izango dut hirugarrena. Toki dotorea da, beti ondo hartu izan naute eta anekdota eta oroitzapen pertsonal asko ditut.Gustura joaten naiz hara.
Azken urteetako lanak direla esan duzu, baina nola definituko zenuke bilduma moduan?
Bildumaren izena Lorratzak da. Aurrekoak ere izen bera zuen, eta haren bidetik doa, baina lan berriekin. Lorratzak aztarnak dira, arrastoak, eta hor mugitzen naiz; badirudi iraganetik erreskatatutako piezak direla, garai bateko misterio puntu hori dutenak eta mezu ezkuturen bat dakartenak.
Azken lau urteotako lanak direla esan duzu, baina ibilbide baten ondorio ere izango dira.
Bai, eta nahiko luzea dagoeneko… 30 urtetik gora daramatzat mundu honetan. Lehengo batean lagun batekin gogoratzen aritu ginen, 34 bat urte izango direla buztina lantzen hasi eta historia honetan bete-betean sartu nintzenetik.
Batez ere zeramikarekin lan egiten duzu. Hori al da zure beharretara hobekien egokitzen den materiala?
Bai, zeramikak lantzeko aukera gehiago ematen du, eta hor oso eroso sentitzen naiz. Baina materialak nahasteak ere dit inporta. Lan hauek batez ere zeramika eta altzairuarekin egindakoak dira. Oinarria zeramikarekin egiten dut, eta altzairua nahiko modu berezian gehitu diot, iltzeak erabiliz, milaka iltze… Bi material horiek nahastetik sortu dira ia pieza guztiak.
Nolakoa da zure sortze prozesua? Nondik abiatzen zara?
Normalean zirriborroekin lan egiten dut, baina oraingoan ezin izan dut pieza denekin hori egin, forma behar nuen, piezaren arima ikusi. Labetik atera ondoren piezak berak esaten dit hemendik edo hortik jo. Ez bazait gustatzen zakarrontzira, eta konforme gelditzen banaiz kitto, hortik aurrera nirea izateari uzten dio. Egiten duzunagatik pasioa sentitu behar duzu, zure arima hor utzi, bestela ez duzu emaitza onik lortuko. Eta hemen horretarako gaude, ondo pasatzeko. Gozatzeari uzten diodanean, tailerra itxi eta akabo.
Blog bat ere baduzu. Zure lana zabaltzeko modu ona al da?
Egia esan, ez dut behar adina eguneratzen, baina erronka hori jarri behar diot neure buruari, erakusketa hau bukatutakoan bloga eguneratzea. Zure lana ezagutzera emateko bitarteko bat da. Horri esker, adibidez Malagako galeria bat harremanetan jarri zen nirekin. Baina blogean bertan diot, nire lana ezagutu nahi baduzue, etorri tailerrera. Ze hor ikusten da artista batek nola lan egiten duen; egilea ezagutzeko modurik onena da.