Abaro zaharra lekuko
Makina bat pasadizoren gordailu izan da historiaren ibilian Aralarko Oiduiko saroia. Hango patxada, zintzarri hots eta lizarren itzalak, paraje horretara inguratzen diren ibiltarien ...
Makina bat pasadizoren gordailu izan da historiaren ibilian Aralarko Oiduiko saroia. Hango patxada, zintzarri hots eta lizarren itzalak, paraje horretara inguratzen diren ibiltarien arnasa berritzen du, eta nahiezta ere, iraganari begiratu bat emateko errainu ere bihurtzen da. Abaro egin edo abaro egoteko aparta da lekua, bai abere, bai gizakiarentzat. Eremuak ondo baino hobeto erakusten du artzain familia askoren bizitoki izan dela, azken hamarkadetan bizitzeko baino, kaletarren aisirako gune izatera pasa den arren.
Hara gerturatzen denak, ordea, eta okerrik ez dela, adineko gizon isil, tente eta burutsu batekin egingo du topo udako hilabeteetan. Jexux Mendizabal Kaxkagorrik (Zaldibia, 1926) laurogei urtetik gora daramatza urtero-urtero Oiduin duen txabola zaharrera igotzen –89 urte bete berri ditu abuztuaren 10ean–, eta urteak badira ere artzaintza lanari utzi zionetik, kalean etsi ezin duen pertsona da. Beti mendiari begira.
Berak ere ez daki zenbat kazetari, etnografo, arkeologo eta abarrekin aritu den hitz-aspertuan, eta aurtengo otsailean estreinatu eta Joxe Ramon Agirre Marron-ek zuzendutako Kaxkagorri dokumentalaren protagonista ere izan da. Orain hamar urte izandako tertulia bat errepikatzeko kazetariak egindako proposamenari oniritzia eman dio, eta han elkartu da, etxe atarian, Joseba Insausti (Ordizia, 1977) artzainarekin. Bi belaunaldi, bi izaera, baina grina bakarra: Aralar eta mendiko artzaintza.
Garai ezberdinekoak
«Ekainaren 5ean igo naiz aurten, baina jaisteko plana lehenxegorako daukat, sanmigeletarako. Badakizu, etxekoak-eta beldurtu egiten dira, hotza egiten duela, bakarrik nagoela… Ni hementxe egoten naiz gustura!», azaldu du Kaxkagorrik. Duela hamar urteko tertulian beste artzain bati laguntzen aritzen zela adierazi zuen, baina orain ia ez: «Oiloak gobernatzen nahikoa lan izaten dut».
Arantzazuko mezarekin jaikitzen da egunero, oiloak kanpora atera, gosaltzerako txakurrarekin bueltatxo bat eman, artegian gimnasia pixka bat egin eta eguerdirako eltzea prestatzen du. «Ez dut siestarik egiten. Lanketarik ez dudanez ba… horrela pasatzen dut eguna».
Baina bestelako bizimodua ezagututakoa da. «Umea nintzela hasi nintzen artzaintzan, zortzi-bederatzi urterekin. Aita zena morroiarekin ibiltzen zen, eta ni hasi nintzenean akabo morroiak. Eskola hemengoa bakarrik ikasi nuen nik. Joaten nintzen, baina tarteka, eta tarteka joaten denak ezin segitu, eta beti lotsatu bezala… Nire eskola oso elbarria izan zen oso». Eta Joseba Insaustik aldamenetik: «Eskolak eta eskolak daude Jexux! Zuk bizitzako eskola dakizu!».
Garai hartan apirilaren erdiaz geroztik inguruko artzain gehienak mendira igotzen ziren, ardiak antzu bidalita. Mendira ailegatu eta lehenengo lana ura txabolara eramatea zuten, eta gazten ohola garbitzea, txabola txukuntzea eta artegia zuzentzea ondorengoak. «Anaia Eulogiorekin egin nituen urte gehienak. Arreba batek ere laguntzen zigun. Artaldeari lagundu, gazta ona egin… Horiek ziren gure ibilerak». Oiduiko saroian zortzi artzain ezagututakoa dela gogoratu du Mendizabalek. «Orduan beste giro bat zegoen hemen». Neguan Beasaingo baserri batean egoten ziren, eta geroxeago Olaberrian pabiloi bat eraiki zuten artaldea mantentzeko.
Insaustik oso bestelako garaia ezagutu du. Ordiziako Otatza baserrian jaioa, animaliak beti izan ditu gogoko. Fraisoron ikasi zuen, baina artean ez zekien zehatz zertan arituko zen. Lehendabizi Zaldibian lur-sail bat erosi zuen, eta Aralarren txabola bat eskatzea erabaki zuen. «Hasieran Arrantsaon egon nintzen behin behineko, orduan txabola librerik ez zegoen eta. Bigarrena Goroskintxun, eta azkenik Esnaurreta txabola berrian. Hemezortzi urte daramatzat profesional moduan, eta irailean 19.a hasiko dut».
«Umea nintzela hasi nintzen artzaintzan, zortzi-bederatzi urterekin»
«Etxekoak-eta beldurtu egiten dira, hotza egiten duela, bakarrik nagoela… Ni hementxe egoten naiz gustura!»
«Garbitasuna da gazta ona egiteko sekretua; norberak behar du txukuna izan horretarako»
Jexux Mendizabal, Aralarko artzain erretiratua
Mendiko gaztari estimua
Larre irekieraren biharamunean, maiatzaren 2an, igo zen Insausti mendira ardi antzuekin, eta maiatzaren 6an gainontzekoekin. «Maiatzean eta ekainean gazta egiten aritu naiz mendian, eta enkarguren batera edo bestera jaitsi naiz, baina bestela mendian egon naiz batik bat. Uztailean txerriak umeak egin zizkidan, eta txerriei jana emateagatik aurten gehienean mendian egin dut lo».
Mendiko artzaintzaren defendatzailea da Insausti. «Niri betiko latxa ardi muturgorria mantentzea interesatzen zait, ardi gogor bat, mendian irauteko modukoa. Urte guztian baserri ingurutik mugitzen ez den ardirik ez dut nahi. Ekoizpen handiagoa dute, baina mendian hezur eta azal geratuko lirateke pentsurik gabe. Nahiago dut esne gutxiago ematen duen ardia, baina esne ona ematen duena koipean eta proteinan, gazta egiteko hori baita beharrezkoa».
Insaustik beti egin du gazta mendian, baina iaztik osasun arauak betetzen dituen gazta egiteko aukera du txabolan. Gaur-gaurkoz lau artzainek dituzte baliabide horiek Aralarren, eta bakarrak Urbian. «Artzainen artean asko eztabaidatu dugu mendiko gaztaren inguruan. Mendian ez dagoela gazta ona egiterik diote batzuk, beste batzuk berdinak direla… Nik ez dut sekula esango bat bestea baino hobea denik, baina ezberdinak dira».
EHUko ikerketa batek frogatu ditu ezberdintasun horiek, eta gazta egiteko garaian ezberdintasunak ere sumatzen ditu Insaustik: «Esneari usaina aldatzen zaio, hori da nik antzematen dudan lehen gauza. Eta gazta bera ere koipetsuagoa izaten da, ahoa gehiago betetzen duena». Kaxkagorrik argi du. «Ikaragarria da aldea! Esnea jetzi, gatzagia ahal zen epelenean eman, eta ahal zen agudoena egin. Gero gatza ematen genion mantentzeko, baina gatz gutxi, hartara koipetsua ateratzen da gazta. Gatzak gazta elkortu egiten du. Garbitasuna da sekretua, baina horretarako norberak behar du txukuna izan».
Kaxkagorrik gogoan du mendiko gazta «zalapartaka» eramaten zuela jendeak. «Batzuk hona etortzen ziren bila, ama zenak feriara ere jaisten zituen saltzera. Guk enkargatuta ibiltzen genuen gazta gehiena. Gaztak, txabolako zotalarekin-eta, kontserba handia izaten zuen». Insaustik, berriz, beheko gaztandegira jaitsi ditu gaztak ontzera, hego haize asko dabilelako aurten mendian. Orain gutxi iritsi zaizkio mendiko gaztaren etiketa berriak, eta laster hasiko da salmentan.
«Hemezortzi urte daramatzat profesional moduan, eta irailean 19.a hasiko dut»
«Artzainon artean asko eztabaidatu dugu mendiko gaztaren inguruan»
«Ketua Idiazabal Gaztak izan duen ezaugarri bat da; balore bat galtzen ari dela uste dut»
Joseba Insausti, Aralarko artzaina
Txapelketa beteko garaia
Mendizabalek-eta ketu egiten zituzten gazta guztiak txabolaren atzealdean zuten txoko batean, pago egur hezearekin. Euliak ez jotzeko modu bat ere bazen. Insaustik ketuak eta ketu gabeak egiten ditu. «Gaztaren tenperaturaren eta adinaren arabera, asko bariatzen du ketze denborak. Nire lokalean, alde banatatik bi ordu edukita, ketuta dago».
Orain gazta txapelketa garrantzitsuen garaia da. Hilaren 6ean Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da Legazpin, eta hilaren 9an Ordiziako txapelketa sonatua. Legazpikoa 2012an irabazi zuen Insaustik eta iaz hirugarren geratu zen Ordizian. Iaz Ordizian sailkatu ziren lehen bost gaztak ketuak ziren. «Gainontzeko lehiaketetan ez dauka horrenbeste estimaziorik ketuak, eta jendearen gehiengoak ere ez du nahi, baina Ordiziako lehiaketaren joera hori da. Beste puntu bat ematen dio gaztari. Ketua Idiazabal gaztak izan duen ezaugarri bat da, eta ohitura hori galtzen ari den heinean, balore bat galtzen ari dela uste dut», esan du Insaustik.
Kaxkagorri Ordiziako lehiaketa irabazitakoa da, baina ez da urtearekin akordatzen. «Hemen egindako gazta bat zen. Gazta guztiak izerditan egoten ziren, hori gogoan daukat. Eguzkiak jotzen zuen, eta gazta guztiak tantaka egoten ziren». Horren urrutira joan gabe, iaz ere «gaztak barregarri» egon zirela gaineratu du Insaustik. Ordiziako artzaina «ilusioa» egiten diolako, «eta autoestimuarengatik ere bai», aurkezten da lehiaketara. «Askotan entzun behar izan dut ez dudala gazta ona egiten, baina finalera askotan iritsi naiz, eta orduan nire buruari esaten diot ez dudala horren txarra egingo. Lehiaketa batean ez da baloratzen gaztarik onena, baizik eta zeinek betetzen duen egokien Idiazabal Gaztaren estandarra. Ez da gustu kontua».
Insaustirentzat gazta da diru-iturri nagusia. «Horrek mantentzen du gure etxaldea», dio. Ardi ileak, haragiak eta arkumeak ez dute horrenbeste estimaziorik orain, baina bai Kaxkagorriren garaian. «Villafrancako Aierbe etortzen zen. Inork ezkondu behar bazuen, berriz, koltxoiak egiteko ile bila etortzen ziren, eta eskatzen geniena pagatzen zuten».
Burokraziarekin itota
Txapelketek artzainen lana goresteko balio dutela argi dute biek, baina «faltsukeria puntu bat» ere ikusten die Insaustik. «Urte guztian egurra ematen ari zaigun jendea, artzainoi lagundu egin behar zaiela esaten aritzen dira egun horretan. Ez gaituzte batere ondo tratatzen». Kaxkagorrik ondotik: «Aralarko artzaina zapaldua izan da beti» . Hamar urteotan, pertsona «mesfidatiagoa» bihurtu dela dio gazteak. «Burokrazia guztia itogarria da, eta artzaintzak daraman eboluzioa ere ez da gure gustukoa». Abaro zaharra da horren lekuko.
Mendiko ardien gaztak balio nutrizional handiagoa du
Asko eta asko izan dira urteen joan-etorrian Aralarren egin diren ikerketak, askotarikoak gainera: arkeologikoak, etnografikoak, espeleologia alorrekoak, abeltzaintzari lotutakoak… Larreen azterketa leku ere izan da Aralar, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak 2008ko otsailean argitara eman zuen Interes europarra duten larre menditarren dinamikaren azterketa Aralarko Natur Parkean txostenean aurki daitezke horren emaitzak. Aurtengo otsailean, berriz, EHUko Laktiker ikerketa taldeak Artzaintzaren erabilera sistemen eragina esnearen eta gaztaren kalitatean nazioarteko tesia plazaratu du, eta honakoa da ondorio nagusietako bat: mendian larratzen diren abereen esneak eta gaztak balio nutrizional handiagoa duela.
Larre dentsoaren ekoizpenaren jarraipena egiteko lau laginketa-eremu aukeratu zituen Aranzadik: Oidui, Igaratza, Alotza eta Uzkuitu. Ondorioak ugariak izan ziren, eta batzuk aipatzearren hauek: Oidui inguruak duela biomasa ekoizpen handiena, eta baita abere-zama gehien pairatzen duena ere. Larreen propietateei dagokionez, kaltzio eta fosforo kopuru handienak larratzaileek eragiten duten guneetan aurkitu zituzten; potasio kopuru txikiena, berriz, Igaratzak du, eta altuena Oiduik; eta magnesioari dagokionez, Oiduik txikiena eta Alotzak handiena. Proteina gordin kopuru altuena duten larreak Alotzan daude.
Koipe osasungarriagoak
Laktikerreko Izaskun Valdivielso Zubiriak aurkeztu eta defendatutako tesiak artaldeak izan ditu oinarri, eta abereak hiru egoera ezberdinetan aztertu ditu: ukuiluan, beheko larreetan eta mendiko larreetan. Joseba Insausti izan da ikerketa horrekin kolaboratzen aritu den artzainetako bat.
Lortutako emaitzek erakusten dutenez, mendian larratzen diren ardien esneen koipeak azido koipetsu ase gutxiago ditu, eta osasun eta nutrizio aldetik osasungarriagoak diren koipeak ugariagoak dira. Horrez gain, mendian jetzitako esneak tokoferol –E bitamina– kopuru handiagoa duela ondorioztatu du ikerketa horrek.
Gaztaren lurrinean eragiten duten konposatu lurrunkorrak aztertuta, ezberdintasun nabarmenak sumatu dituzte mendian eta behean egindako gazten artean. Hainbat dastatzailek ere parte hartu dute tesian, eta ondorioztatu dute gaztaren zaporean, usainean eta egituran aldeak ez direla horren aipagarriak.
Doktore tesi honen ondorioek datu zientifiko adierazgarriak utzi dituzte, eta hainbat esparrutan erabilgarriak izan daitezke, baita mendiko artzaintza indartzeko ere.