Musika eta feminismoa uztartuko dituzte Panteras Fest jaialdian
rretxuko Santa Anastasia jaiak ate-joka dauden honetan musika eta feminismoa uztartuko dituzte bihar Panteras Fest Egunean. Jabekuntza Eskolan lanean ari den Panteras taldeak sortu duen ekimena Gaztelekuan izango da 17:00etan
Urretxuko Santa Anastasia jaiak ate-joka dauden honetan musika eta feminismoa uztartuko dituzte bihar Panteras Fest Egunean. Jabekuntza Eskolan lanean ari den Panteras taldeak sortu duen ekimena Gaztelekuan izango da 17:00etan hasi eta gaueko ordu txikietara arte. Antolatzaileen esanetan, «jaien testuinguruan emakumezkoen espazio bat sortu nahi dugu non erdigunean kokatu, eta hitza hartuko dugun».
Goierri garaiko Jabekuntza Eskolan rap tailerrerako izena eman zuen emakume talde batek Panteras taldea sortu zuen. Beldur Barik lehiaketa irabazi zuten lehenengo tailerrean sortutako bideokliparekin eta bigarren tailerraren emaitzetako bat da bihar egingo duten Panteras Fest jaialdia.
Emakumezkoek egunerokoan nozitzen duten gisa askotariko indarkeria jaietan areagotu egiten dela diote. Indarkeria hori agerian utzi eta aurre egin nahi diote: «Eskubidea dugu indarkeriarik gabeko jaiak bizitzeko. Festen espazio hori gure egitera gatoz ertzetik atera eta eragile gisa gu geu erdigunean jarrita». Panteras Fest jaialdian parte hartzeko gonbitea luzatu dute, festa irekia izango baita.
Gaztelekuan 17:00etan merkatu feminista irekiko dute eta 18:00etan indarkeria sexista lantzeko tailerrak egingo dituzte. 19:00etan Panteras Festa zer den azaltzeko hitzaldia egingo dute eta Iruñeako Farrukas taldeak aurkezpena egingo du. Farrukas taldeak, besteak beste, autodefentsa feminista lantzen du jaietan. Gauean kontzertuak izango dira 21:00etan hasita gauerdira arte; ondoren, Dj-en txanda izango da.