«Ni naiz kostaldetik urrutien bizi den Zumaia taldeko arraunlaria»
Eneko Esteibarren (Zumarraga, 1991) aita zumaiarra da eta bere aitona arraunlaria izan zen. Iazko udazkenean kirol hau probatzea erabaki zuen, eta Zumaiako ...
Eneko Esteibarren (Zumarraga, 1991) aita zumaiarra da eta bere aitona arraunlaria izan zen. Iazko udazkenean kirol hau probatzea erabaki zuen, eta Zumaiako taldean arraun egiten du. Bera da taldeko goierritar bakarra.
Beti arraun zalea izan al zara?
Ez asko. Telebistan ez nituen estropadak ikusten. Baina aita zumaiarra da eta aitona arraunean aritu zen. Beti probatzeko esaten zidan. Umetan estropadetara joaten ginen eta etxean beti Zumaiako kamiseta gorriak eduki ditugu, baina anaiak nik baino gertuagotik jarraitzen zituen estropadak. Egia esan, kirola egitea asko gustatzen zait, baina ikustea ez horrenbeste.
Zein kiroletan aritu zara arraunean hasi aurretik?
Saskibaloian jokatu nuen, Goierri taldean. Ondoren, mendiko bizikletan hasi nintzen. Bakarrik ibiltzeaz aspertu nintzen eta beti arrauna probatzekotan nintzenez, halako batean probatzea erabaki nuen. Ez zen erabaki erraza izan, Zumaiara joan behar baita entrenatzera.
Ondo hartu al zintuzten?
Bai, nahiz eta oso arraroa iruditzen zaien Zumarragako bat bere borondatez Zumaiaraino joatea.
Hasiera gogorra izan al zen?
Lehen hilabeteetan putzuan, eta gimnasioan entrenatu nuen. Apirilean hasi nintzen uretan entrenatzen. Bigarren taldeko kidea naiz eta oso pozik nago. Izan ere, orain arte estropada gehienetan parte hartu dut.
Erraza al da arraun egitea?
Kanpotik indar kontua dirudi, baina garrantzitsuena teknika da. Gorputz osoarekin lan egin behar da. Indarra besoekin bakarrik eginez gero, berehala nekatzen zara. Gainera, teknika dominatu arte, hobe da indarra egiten ez saiatzea. Indarra egiteagatik mugimenduak gaizki egiten badituzu, traineruaren oreka arriskutan jar dezakezu eta zure aurrekoa eta atzekoa izorratzen dituzu.
Aitona zutaz harro al dago?
Bai. Egunero egiten diot bisita, entrenamendua bukatzen denean. Zumaiako taldearekin arraunean hasi behar nintzela esan nionean, ez zidan sinesten. Sinesgaitza iruditzen zitzaion egunero Zumaiara joatea. Astebete ondoren sinistu zuen.
Barrualdeko asko al zaudete taldean?
Ni naiz kostaldetik urrutien bizi dena. Tolosako, Itziarreko eta Azpeitiko arraunlariak ere baditugu, baina Goierriko beste arraunlaririk ez dago.