Ampo Ordiziak taldea berrituta eta ilusioz ekingo dio denboraldiari
Aldaketa urtea izaten ari da Ampo Ordiziarentzat, eta berrikuntza ugarirekin hasiko dute denboraldia. Gaur zortzi ekingo diote Ohorezko Mailako ligari, Getxon. Abuztuan hasi zituzten entrenamenduak Wade Kelly entrenatzaile berriarekin, eta taldea joko sistema berria ezartzeko lanean ari da. Oraindik sistema hori %100ean ikusteko pixka bat falta bada ere, jokalariak “lan gogorra” egiten ari direla eta “ilusioz” daudela azaldu dute, taldearen aurkezpen ekitaldian.
Ampo kooperatibaren egoitzan egin dute denboraldi berriaren aurkezpena. Kepa Korta presidenteak, aurten egin dituzten aldaketen berri eman du. “Gogoeta estrategiko bat egin genuen klubaren barruan, eta aldaketa batzuen beharra ikusten genuen”. Aldatuko dena ez da taldearen filosofia, orain arte bezala, bertako jokalarien aldeko apustua egiten jarraituko baitute, taldea indartzeko kanpoko jokalari profesionalekin uztartuz. Lehen aldaketa, entrenatzailearena izan da; Kelly australiarrak lehen taldearen joko sistema aldatu nahi du, baina klub osoan izango du eragina. Izan ere, zuzendari tekniko moduan, talde guztien gaineko ardura izango du, txikienetatik hasita.
Jokalari aldetik ere aldaketa garrantzitsuak izango dira. Kortak azaldu duenez, “taldearentzat oso garrantzitsuak izan diren hainbat jokalarik agur” esan dute, tartean Joanes Aierbe eta Xabi Lerma etxeko jokalariek. Sei fitxaje berri ere egin dituzte, taldea sendotu eta joko sistema berria indartu nahian. Horiekin batera, lehen taldera igo den “gazte belaunaldi berria” aipatu du Kortak. “Uste dugu belaunaldi on bat datorrela; sistema tekniko on batekin lan egindakoak dira, eta lehen taldean indarrez sartuko dira”. Orain arte “sentsazio onak” izan dituztela azpimarratu du, eta jokalariek “ahalegin handia” egin badute ere, “gustura eta ilusioz” daudela.
Kelly, aldaketaren lemazain
Ampo Ordiziak hasi duen ibilbide berrian zeresan handia izango du Wade Kelly entrenatzaile berriak, berak egingo baititu gidari lanak. Euskal Herrian eta Ordizian “gustura” dagoela azaldu du, eta “oso ondo” hartu dutela. “Taldearekin ere gustura nago, jokalariak bikainak dira eta oso gogor ari dira entrenatzen”. Denboraldi honetarako dituen erronken artean, “Ordizian dagoen errugbirako pasio hori kanalizatu” nahi du eta taldea Ordiziaren ordezkari bihurtu. Era berean, garrantzia berezia ematen dio gazte taldeekin egin beharreko lanari, haiek izango baitira taldearen etorkizuna.
Momentuz ez du emaitza aldetik helburu zehatzik markatu. “Jokoan eta partidetan zentratu nahi dut, taldearen errendimenduan eta joko estiloan”. Emaitzak horren ondorio izango direla uste du australiarrak. “Zorte apur batekin, goiko postuetan ibiliko gara”.
Jokalarien izenean, Mikel Aizpurua ordiziarrak hartu du hitza. Aurten taldeak “aldaketa handia” izan duela eta “hasiera gogorra” izaten ari dela azaldu du, baina taldea “aspaldiko partez ilusioarekin” ikusten du. “Azken urteetan emaitzek behera egin dute, jendeak gehiago espero zuen eta guk geuk ere bai”. Joko sistema berriak ilusio hori berpiztu die orain, eta lana gogor eginez baina “jokoarekin gozatuz” aritu nahi dute.