Goierrin ere bat egin dute Diadaren eguneko ekitaldiekin
Herrien erabakitzeko eskubideak batuta, Goierrin bizi diren hainbat kataluniar eta bertako 30 bat lagun elkartu dira gaur Oiangun. Irailaren 11 izaki, Diadaren eguna ospatzeko bildu dira. “Ekitaldi xumea” egin nahi izan dute, “helburua elkartu eta elkarrekin eguna pasatzea” baitzuten. Aldarrikapenik ez da falta izan, ordea. Kataluniako banderak eta Esteladak nahiz euskal ikurriñak lagun, solasaldia, kantuak eta afari-merienda egingo dituzte. Bartzelonan gaur egiten ari diren mobilizazioa gogoan, gezi moduko bat osatuz argazkia ere atera dute.
Gaur egun Diada festa egun bat bada ere, haren jatorrian “Kataluniak jasandako errepresioa” dagoela azaldu dute. Izan ere, egun horretan, 1.714. urtean, Kataluniak bere subirautza galdu zuen, borbondarren tropek 14 hilabeteko setioaren ondoren, Bartzelona mendean hartu zuten.
Gure Esku Dago ekimenaren harira sortutako Goierriko Castellersak taldeak antolatu du gaurko ekimena. Uztailean Sant Vicenç dels Horts herrira joan zen Goierritar talde bat, hango ekitaldietan parte hartu eta giza-gaztelua egiteko. Haren jarraipena izan da gaurko eguna.