Sant Vicenç dels Horts-eko ‘casteller’-ak Lazkaon, San Prudentzio jaietan./Aimar Maiz
Goierriko Castellerrak taldeak eskualdera ekarriko du Diada kataluniarra.
Ordiziako Oianguren parkean topaketa bat antolatu dute, 18:00etan. Kataluniaren gaur egungo egoera politikoa jorratuko dute, prozesu subiranistaren erpinak jorratuko dituzte, eta, Diada festa ere badenez, lagunarte irekian ospatuko dute. Edonorentzat zabalik dago topaketa. Goierrin bizi diren kataluniarrek ere parte hartuko dute.
Irakurketa politiko bat egin nahi diote aurtengo Diadari, eta inguruan duen guztiari. «Nolabaiteko galdeketa baten kanpainaren hasiera da. Asanblada Nazional Katalana bi milioi pertsona elkartzen saiatuko da. Guk gure keinua egin nahi diegu, Euskal Herritik babesa adierazteko», diote taldekoek.
Gainontzean, Oiangureneko topaketa xumea izango da: 18:00ak aldera elkartu belardian, eta nola Goierrin bizi diren kataluniarrek, hala bertako jatorrikoek, solasaldia egingo dute Kataluniaz. Euskal Herriko gaiak ere tartekatuko dituzte. Irekia da saioa, edonorentzat.
Iluntzean, parrilla piztu eta norberak eramandako jakiak erretzeko aukera izango da, afaltzeko. Sagardoa jarriko dute. Taberna ere bada bertan. «Une atsegin bat igarotzea da helburua, Diada kataluniarraren egun seinalatua Goierrira ekarriz».
Giza gazteluen inguruan
Goierriko Castellerrak taldetxoa aurten eratu dute. Gure Esku Dago dinamikak antolatuta, uztailaren 25ean eta 26an Katalunian izan ziren. «Kataluniarrei sorpresa bat emateko, giza gaztelu bat geuk egitea bururatu zitzaigun. Bost-bat entsegu egin genituen, eta lehenengo giza gaztelua Sant Vicenç dels Hortsen egin genuen», gogoratu du Andoni Mikelarenak.
Taldean 20 bat lagun zeuden. Itzuliz geroztik ez dute entsegu gehiago egin, eta aurrerantzean jarraipiderik emango dioten ere ez dute argi. «Baina, hasieran, irailaren 11 markatu genuen ospakizun bezala, eta horrela antolatu dugu Diada Goierrin».