Legazpiko Udalak 29 aparkaleku berri prestatu ditu Juanastegin
San Juan kaleko aldapa bi norabidekoa izango da
Gaurko 18:00etatik aurrera, Legazpiko Juanastegi kalean 29 aparkaleku gehiago egongo dira. Bestalde, astelehenetik aurrera, igogailutik gertuen dauden 10 aparkalekuak txandakakoak izango dira (Mauleon hotelekoak bezala): astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Ordu erdiz aparkatu ahal izango da bertan, doan, makinan tiketa hartu ondoren. Neurri hau anbulatorioko, gizarte zentroko, kultur etxeko eta ikastolako erabiltzaileei laguntzeko hartu da.
Gainera, San Inazio 20aren eta 15aren azpian beste 23 aparkaleku egokituko dira. Hauek azaroaren 1etik maiatzaren 15era bitartean erabili ahal izango dira. Udan kalearen zati hori bidegorri izango da, urteko sasoi horretan bizilagunek bizikleta gehiago erabiltzen baitute.
Juanastegi 1etik Itxaropeneko bidegurutzera bitartean egongo diren 29 aparkaleku berriak egiteko, bidegorria errepidera atera da. Errepidean bidegorria margotu dute eta norabide bakarrekoa izango da.
Legazpiko Udalak trafikoarekin lotutako beste neurri bat ere hartu behar du: Domingo Agirre ikastetxeko aldapa bi norabidekoa izango da datorren astetik aurrera. Kalea egokitzeko lanak astelehenean hasiko dira.
Koldobike Olabide alkateak prentsaurrekoa eman zuen atzo aldaketa hauen arrazoiak azaltzeko. Juanastegin aparkaleku gehiago jartzeko bost arrazoi daudela esan zuen: Kale Nagusia oinezkoentzat egiten ari dira eta beraz aparkaleku kopuruak behera egin du, anbulatorio, gizarte zentro eta Latxartegi inguruan aparkatzeko zailtasunak daude eta Juanastegi erdigunera doazenentzako aparkatzeko toki aparta da igogailua duelako. Gainera, festetako hainbat ekitaldi aparkalekuetan egiten direla eta San Inazio 20ko bizilagunek aparkaleku gehiago eskatu dituztela gogoratu zuen.
Juanastegiko aparkaleku berriak behin-behinekoak direla gehitu zuen. «Latxartegin lurrazpiko aparkaleku bat egiteko asmoa dugu eta hori egiten dugunean Juanastegi egungo egoerara itzuliko da».
Olabidek Domingo Agirre ikastetxeko aldapa bi norabidekoa egitearen arrazoiak ere eman zituen. Bizilagunek eta tiro zelaiko erabiltzaileek eskatu dutela esan zuen eta egun kamioiak eta autobusak haurtzaindegi ondotik pasatzen direla gehitu zuen.
Abiadura murrizteko bi koska jarriko dituztela eta San Juan 1etik 18ra bitartean kenduko diren aparkalekuak San Juan 8tik 16ra doan tartean jarriko dituztela azaldu zuen.
Alkateak neurri hauek gainontzeko alderdiekin eta herritarrekin eztabaidatu ondoren hartu direla gogoratu zuen. «Hilaren 1ean bilera irekia egin genuen udaletxean eta 56 lagunek parte hartu zuten. Agenda 21eko bileretan 30 bat lagunek parte hartzen dutela kontuan hartzen badugu, argi dago bilera behar bezala iragarri genuela».
Izan ere, aurreko asteburuan Irabaziko zinegotziak bilera ez zela behar bezala iragarri eta erabakia aurretik hartua zegoela salatu zuen. «Erabakia ez zegoen aurretik hartua eta horren froga da Juanastegin bizilagunen proposamenetako bat kontuan hartu dugula. Irabaziko zinegotziak bazuen horren berri salaketa egin zuenean eta, beraz, ez du egia esan», amaitu zuen alkateak.