Ordizia Kirol Elkarteak Saskibaloi Eguna antolatu du biharko. Talde nagusiak Beasaingo Arri BKLren kontrako derbia jokatuko du. Ondoren bazkaria izango da
Ordizia Kirol Elkarteko saskibaloi taldeak bihar emango dio hasiera denboraldi berriari, taldeen aurkezpen ofizialak eginda. Goizetik hasita, festa eguna antolatu dute, eta maila ezberdinetako taldeak aurkezteaz gain, Ordizia eta Beasainen arteko derbia eta bazkaria ere egingo dituzte.
Aurreneko partida errendimenduko kadete zein junior mailako neskek jokatuko dute, 10:00etan. Ordiziarrak, Askatuak klubekoen kontra ariko dira. Denboraldia prestatzeko lehia izango dute, bihar zortzi, hilaren 19an, ekingo baitiote liga ko denboraldiari.
Segidan, Espainiako 1. Mailako taldearen txanda izango da. OKEkoak, Beasaingo Arri BKLren aurka ariko dira, lagunarteko derbian. Ondoren, 14:00etan, Beti-Alai pilotalekuan elkartuko dira, bazkaltzeko. Helduen menuak 15 euro balio du eta gaztetxoenak 10;
ordiziasaski.com webgunean eman daiteke izena. Bazkaldondoan, 16:00etatik aurrera, klubeko 15 taldeen aurkezpena egingo dute, pilotalekuan bertan.
Saskibaloi eskola
Bestalde, OKEko saskibaloi sailak jakinarazi duenez, dagoeneko zabaldu dute gaztetxoentzako saskibaloi eskolan izena emateko epea. Datorren ostegunean, hilak 17, bilera egingo dute Barrena jauregian, 19:00etan. Bertan ere izango da informazioa jaso eta izena emateko aukera.