Filmeez gain, arte eszenikoen eskaintza zabala osatu dute denboraldi berrirako.
Goikuseko, Beasaingo Udaleko eta Goieniz zine klubeko ordezkariak.
Gaur, Julio Medem zinemagilearen
Ma Ma filmaren estreinuarekin hasiko du denboraldi berria Beasaingo Usurbe Antzokiak. Goikuseko arduradunen esanetan, beasaindarren eta goierritarren erantzunak, filmarik berrienak ahalik eta azkarren Beasaina ekartzea ahalbidetzen du. Bono sistemak ere lagundu du ikusle kopuruaren igoeran: iaz bikoiztu egin zen ikusle kopurua. Aurten ere bono sistemarekin jarraituko dute Usurbe Antzokian.
Arte eszenikoen disziplina ugari
Zinemaz gain, ordea, arte eszenikoen disziplina desberdinen erakusleiho ere izan nahi du Usurbe Antzokiak. Beasaingo taldeen eskaintza eta kanpotik datorren eskaintza uztartuko dute denboraldi berrian. Dantzaren kasuan, esate baterako, herriko Aurtzaka eta Ostadar dantza taldeen saioez gain, apirilera bitartean, Londresko Royal Opera Housetik ballet eta opera ikuskizunak eskainiko dituzte zuzenean, Ordiziako Udalarekin elkarlanean. Asteartean da lehenengo saioa: Romeo y Julieta, 20:15ean.
Antzerkiaren kasuan ere berdin: herritarren lanak lekua izango du Beasaingo antzokian: hilaren 25ean beasaindarrek antzeztutako 400 urte herri antzerkia taularatuko dute.
Musikaren eskaintza ere berreskuratuko dute aurten Goikuseko arduradunek zehaztu dutenez: azaroan Oreka TX eta Kalakan taldearen musika emanaldia izango da.
Datorren hilaren 20an ere, ekitaldi garrantzitsua izango da Usurbe Antzokian: Gipuzkoako bertsolari txapelketaren lehenengo kanporaketa jokatuko da, 17:30ean.
Honekin guztiarekin, beasaindarrei kulturaz gozatzen erakutsi nahi zaie Usurbe Antzokitik. “Herritarren sorkuntzarentzako leku izateaz gain, herritarrek kultur ikuspegi zabalena edukitzea nahi dugu”, esan du Xabier Matarranz Beasaingo Udaleko Kultur zinegotziak.