Ekoizle ekologikoen 27 postu izango dira Zerainen, baita herriko beste hainbat ekoizlerenak ere. Urki Balerdi herriko sukaldariak plater sorpresa prestatuko du azokako produktuekin.
Azoka aurkezten Garbiñe Etxaniz, Adrian Santxez, Arantxa Ruiz de Larrinaga, Txisku Masid eta Amaia Junkera. / Maialen Igartua
Iaz hogeigarren urteurreneko langa pasata, aurten ere antolatu dute Zeraingo azoka ekologikoa, Biolurren, Zerain Dezagun fundazioaren eta Goierriko Baratzaren artean. Igandean izango da, eta goizean zehar ekoizle ekologikoen artisauen postuak izango dira herrian.
10:00etatik 14:00etara egongo da irekita azoka.
Ekoizle ekologikoen 27 postu izango dira guztira, 20 Gipuzkoakoak, eta, gainontzekoak, ingurukoak. Ekoizleak bertan izango dira, erosleen galderak erantzuteko prest. Herriko ekoizleen postuak ere izango dira, goiko plazan. “Garrantzitsua da erosleen eta ekoizleen arteko zuzeneko harremana”, adierazi du Biolurreko Adrian Santxezek.
Postuez gain,
hainbat erakustaldi izango dira igandeko azokan. Haurrentzat, berriz, bi tailer antolatu dituzte: baratzea eta gailetak egitea. Tolarea ere jarriko dute,
muztioa egiteko. Eta azokaren amaieran, produktu ekologikoz betetako bi saski zozkatuko dituzte.
Showcooking, Urki Balerdirekin
Bestalde, berrikuntza modura, Urki Balerdi Zeraingo sukaldariak
plater sorpresa bat prestatuko du azokan bertan, zuzenean, azokako produktuak erabilita. Jendeak nola prestatzen duen ikusteko aukera izango du, baita gero dastatzekoa ere.
Jakoba Errekondo ere azokan izango da, aurten argitaratu duen
Bizi baratzea liburuaren inguruko azalpenak ematen.
Azoka goizean bada ere, arratsalderako ere hainbat ekintza antolatu dituzte. 16:30ean
Japoniako ipuin tradizionalen kontaketa izango da, Azpeitiko Rakugo taldearen eskutik. “Iromi Yoshida japoniarra ere bertan izango da; 30 urte daramatza Euskal Herrira etortzen, eta euskaraz daki”, adierazi du Arantxa Ruiz de Larrinagak, Zeraingo alkateak. Eta, jarraian,
erromeria izango da Patxi Perezekin.
Hamabostaldi ekologikoan hainbat hitzaldi eta tailer
Goierriko Baratzak antolatuta, aurten ere hamabostaldi ekologikoa egingo dute azokaren hurrengo bi asteetan. Nekazaritza ekologikoa lantzeaz gain, bizimodu jasangarri baten aldeko apustua egin nahi du Goierriko Baratzak, Txisku Asidek azaldu duenez. Horren harira, hiru hitzaldi, bi tailer eta bisita gidatu bat antolatu dituzte.
Bisita gidatua egiteko edota tailerretan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da Goierriko Baratza dendan. Hitzaldia eta bisitak doakoak dira, baina tailerretan parte hartzeko ordaindu egin behar da.
HAMABOSTALDI EKOLOGIKOA. EGITARAUA.
- Irailak 22. Hitzaldia. Janaria zure sendagaia izan dadila, eta sendagaia zure elikagai. Garbiñe Etxaniz. Zeraingo kultur etxean, 19:00etan.
- Irailak 24. Hitzaldia. Plantas medicinales: conócelas y utilízalas (Gaztelaniaz). Gabriel Vazquez. Ordiziako D’Elikatuz zentroan, 19:00etan.
- Irailak 26. Tailerra. Nola egin garagardo ekologikoa etxean. Martin Mujika. Albatzisketan (Gipuzkoa). Izena emateko: 943 08 74 98.
- Irailak 29. Hitzaldia. Jakoba Errekondoren Bizi baratzea liburuaren aurkezpena. Zaldibiako kultur etxean, 19:00etan.
- Urriak 1. Bisita gidatua. Ekologikoan ekoizten duen Urteaga baserrira bisita gidatua, Ezkio-Itsason. Barazki, haragi eta fruta ekoizpena. 18:00etan. Izena emateko: 943 08 74 98.
- Urriak 3 Tailerra. Aprende a preparar pizzas y empanadillas vegetales (Gaztelaniaz). Itsasondon, 10:00etan. Izena emateko: 943 08 74 98.