Jose Migel Iturriotz kaleko 14. zenbakian dagoen euskaltegi berriaren inaugurazio ekitaldia 18:00etan izango da
Goiztiri AEKren Beasaingo euskaltegi berriaren aurrealdea. Arg. I. Gurrutxaga
Goierriko Goiztiri AEK euskaltegiak egoitza berria estreinatuko du bihar, hilak 17, Beasaingo Jose Migel Iturriotz kaleko 14. zenbakian. Inagurazio ekitaldi irekia antolatu dute, eta ikasle, ikasle ohi eta herritar guztiei egin diete parte hartzeko deia.
18:00etan hasiko da ekitaldia, taldekako jolas dinamiko batekin. 18:30ean Nekane Munduate AEKren zuzendariak hartuko du hitza, eta euskaltegia barrutik ezagutzeko aukera izango da; segidan luntxa izango da.
Orain hiru urte pasa –2012ko ekainean– Ordizian zabaldu zuen euskaltegi berria AEK-k, eta Beasaingoaren txanda da oraingoan. Ordiziakoa AEKren jabetzakoa da, eta Beasaingoa errentan hartu dute.
Egoitza berria 75 metro koadro da azaleraz, eta bulego bat, bi ikasgela eta bi komun ditu. «Irisgarritasun eta ikusgarritasun aldetik leku egokia» dela nabarmendu dute Goiztiri AEKren arduradunek. Egoitza berrian bi talde ordu berean hartzeko aukera izango da, orain arteko lokalak gela ireki bakarra baitzuen.
Herritarrak
euskahalduntzeko hainbat txoko izan ditu AEK-k Beasainen.
Udal lokaletan gau eskolak ematen hasi zen 1986. urtearen bueltan, eta
Kale Nagusiko pisu batzuetan ere bai geroxeago. Aurtengo apirilera arte, Andramendi ikastolaren lokaletan,
Urbialde plazan, izan du egoitza AEK-k Beasainen, hamar bat urtez.
Matrikulazioa zabalik
Goiztiri AEK euskaltegiak irailaren 7an zabaldu zuen 2015-16 ikasturterako matrikulazio kanpaina. Sara Cozar ordiziar aktorearen irudia erabili du kanpainarako, Euskara praktikoa goiburupean. AEK bost ikastaro mota eskaintzen ditu: aurrez aurreko taldeak –urritik ekainera–; auto-ikaskuntzakoak; on-line ikastaroak; B1, B2 eta C1 mailak prestatzekoak; eta migranteei zuzendutako Aisa ikastaroak. Asistentzia ona izan, eta maila gainditzen duten ikasleek udalen diru-laguntza jasoko dute.
Matrikula egiteko epea gaur zortzi bukatuko da, hilaren 23an. Ordiziako eta Beasaingo euskaltegietara jo behar da horretarako, goizez (10:00-13:00) zein arratsaldez (17:00-19:30). Ikasturtea, berriz, urriaren aurrenean hasiko da.