Asteartean aurkeztuko dituzte tabernariek pintxo bereziak.Ekintza nagusiak hilaren 26tik 27ra bitartean egingo dira.Buztingintza elkartekoak murala egiten ari dira.
Enrique Fleishmannek ikastaroa eman zuen atzo Beasainen.
Iaz sortutako egitasmoarekin jarraituz, Beasaingo Udalak eta Igartzako Kultur Mahaiak II. Mutur Beltz festa antolatu dute. Beasaindarrak elkartzeko helburua duen aurtengo egitasmoak, Beasainek duela 400 eskuratu zuen hiribildu titulua izango du ardatz nagusia.
Ekitaldirik nagusienak iraileko azkeneko asteburuan egingo badituzte ere, Mutur Beltz festa gerturatzen ari denaren zantzuak ikus daitezke dagoeneko Beasainen. Herriko zortzi ostalari (Basakana, Batzokia, Bideluze, Kuluxka, Ortzi, Plazape, Riojano eta Tti-tta taberna) Mutur Beltz pintxoa prestatzen ari dira buru belarri eta atzo, Basque Culinary Centerreko irakaslea den Enrique Fleishmannen eskutik saio akademikoa eta praktikoa jaso zuten Loinazko San Martin plazan. Pintxo berriak sortzen laguntzeko teknika berriak ezagutzera eman zizkien Euskal Herrian bizi den sukaldari mexikarrak: barazki bidez egiten diren margo itxura hartzen duten saltsa koloretsua, txipiroi tinta beltzak ematen dituen aukerak…. Pista bat eman zien ostalariei: txipiroi tinta beltzak zapore neutroa du. Odolkia ketzeko trikimailuak arreta sortu zuen beasaindar ostalarien artean: odolkia zurezko kutxatxo batean sartu eta sopletearekin kutxatxoa berotu. Aukera merkea eta azkarra zela azpimarratu zuen.
Ostalariek papera eta bolaluma izan zituzten atzo goizean lan tresna, ideiak eta detailerik txikienak ondo jasotzeko. Atzo ikasitakoaren emaitza datorren asteartean, 22an, aurkeztuko dute. Irailaren 24tik 27ra dastatzeko aukera egongo da zortzi taberna horietan. Iazko Mutur Beltz pintxoaren kolore nagusia beltza izan zen.
Buztingintzakoen murala
Dena den, irailaren 26a izango da Mutur Beltz festaren puntu gorena. Aurten berrikuntza bat bada: Buztigintza zeramikagintza elkarteko kideak apirilaz geroztik egiten ari diren murala bistaratuko dute 18:00etan. Gernika pasealekuko pilotalekuan jarriko dute. Beasaingo Udalak 400. urteurrenarekin lotutako artelan bat egiteko proposatu zion Buztingintza elkarteari. Erronka onartu eta apirilaz geroztik lanean ari dira zeramikagintza elkartekoak. Elkarteko kide gehienak ari dira buru belarri lanean, irailaren 26rako guztia prest egon dadin. Orain arte inoiz egin duten dimentsiorik handieneko lana da.
400 urteotan herriak izan duen bilakaera islatu nahi dute muralarekin. Buztigintzako kideek aurreratu dutenez, lurretik sortzen diren zuhaitzak, zuriak eta dotoreak irudikatuko dituzte muralean. Horrekin batera, Beasainen historian hain garrantzitsuak izan diren trenbideak, lurrak, egurrak, burdinak eta altzairuak ere lekua izango dute. Horretarako, gres zuria eta harri kolorekoa erabiltzen ari dira, hainbat barnizekin esmaltatuta. Egurrezko, burdinazko eta altzairuzko piezak ere txertatu dizkiote muralari.
Tren bidaia hilaren 27an
Iazko Mutur Beltz egunaren barruan egin zuten ekintza bat errepikatu egingo dute: Beasain eta Altsasu arteko tren bidaia. Igandean, hilaren 27an, izango da, 11:00etan hasita. Geldialdiak egingo dituzte bidean, besteak beste Ormaiztegiko tren zubia edo Oazurtzako tunela ikusteko. Altsasun hamaiketakoa egingo dute.
II. Mutur Beltz eguna irailaren 25etik 27ra
- Mutur Beltz pintxoa. Herriko zortzi ostalarik egingo dituzte aurten Mutur Beltz pintxoak: Basakana, Batzokia, Bideluze, Kuluxka, Ortzi, Plazape, Riojano eta Tti-tta. Irailaren 24tik 27ra dastatu ahal izango dira.
- ‘400 urte’ herri antzerkia. Irailaren 25ean izango da, 20:15ean Usurbe Antzokian. Sarrerak bi euroan eros daitezke Antzokiko leihatilan edo Erauskin plazako Kutxabanken. Zenbatuak izango dira. 350 lagunentzako lekua dago antzokian eta dagoeneko 260 salduta daude.
- Pregoia. Irailaren 26a izango da egun nagusia. 18:00etan, Martina Irizarrek irakurriko du pregoia. Baserritar jantzita. Mutur Beltz eguna eta herriko kaleak girotzeko herritarrak baserritar jantzi xumeekin ateratzeko deia egin dute antolatzaileek.
- Afaria. Gernika pasealekuan egingo da afaria. Txangurro entsalada, risotto beltza, bakailaoa saltsan, postrea, kafea, ura eta sagardoa izango da menua. Txartelak 15 euroan salduko dituzte gaur arratsaldetik hasita, udaletxean eta Ortzi, Plazape, Riojano, Bideluze eta Basakana tabernetan. Afalondoren, Gozategi taldearen kontzertua izango da Gernika pasealekuan.
- Trenean bidaia. Lemniskatak Beasain-Ormaiztegi-Altsasu-Ormaiztegi-Beasain tren bidaia egingo dute irailaren 27an, 11:00etan. Sarrera erosi behar da, 5 euroan, bidaiarien kopurua mugatua da eta.