Zaldibian, Legorretan, Beasainen eta Seguran jubilatuen festa ospatuko dute, igandean
Zaldibian, asteburu betearen osagai bat izango da Jubilatu eguna, igandean. Amateurren txirrindulari lasterketa ere badago, egun berean; eta Herri Krosa, bezperan. Erretiratuek meza izango dute lehenik, 11:00etan; eta bazkaria gero 14:00etan. Txartelak Beti Gazte elkartearen bulegoan eskuratu behar dira. Bertsolariak, kantuak eta edadetuenei omenaldia izango dira.
Beasainen ere igandean ospatuko dute, Aranealde elkarteak eta udalak antolatuta. Bazkaria, Lierniko Mujika jatetxean egingo dute, 13:30ean. Izena ematerakoan 6 euro ordaindu behar da. Beasainen bizi diren 65 urtez goitiko pertsonak eta ezkontideak joan litezke. Ondoren, elkarteko jokoen sariak banatuko dituzte: toka, igela, mus, tute, puntu eta seiko urrekoak.
Seguran ere jaian dute ospakizuna, Atseden elkartearen eta udalaren eskutik. Bazkaria egingo dute. Baita Legorretan ere. Aldaieta jubilatu elkarteak antolatu du oturuntza. 26 euro ordaindu behar da.
Hurrengo astean, gehiago
Iraileko ospakizun zerrenda luzea Ordizian hasi zuten, Euskal Jaiekin. Eta Urretxun eman zioten jarraipena, joan zen igandean. Asteburu honetakoen ondoren, beste ekinaldi bat geratuko da, azken asterako.
Olaberrian irailaren 27an da jubilatuen festa. 13:00etan meza, eta 14:00etan bazkaria Arrieta jatetxean dute. 65 urtetik gorakoak eta ezkontideak daude gonbidatuta (3 euro jarrita). Izena emateko azken eguna etzi da. Autobus zerbitzua ere jarriko du udalak, 12:20an Errekalden (Bekoetxe) tea 12:30ean Ihurren. Itzulera 19:00etan egingo du.
Itsasondon ere irailaren 27an da jaia. Goizean, herriko txistulariak ibiliko dira, kalerik kale. 11:00etan meza hildakoen alde, gero salda, eta 14:00etan bazkaria dute, Nautiko jatetxean.
Lazkaon, azkenik, San Migel egunez egingo dute bazkaria Orobione elkarteko bazkideek.