Kerejeta eta Murua, jaietako Zipi eta Zape
Jose Antonio Murua eta Jesus Mari Kerejeta ez dira anaiak, baina bestelakoan Zipi eta Zape komikietako pertsonaien antz handia dute: biak herri berekoak dira (Urretxu, noski), biak kale berekoak dira
Jose Antonio Murua eta Jesus Mari Kerejeta ez dira anaiak, baina bestelakoan Zipi eta Zape komikietako pertsonaien antz handia dute: biak herri berekoak dira (Urretxu, noski), biak kale berekoak dira (Iparragirre, nola ez) eta biak bihurri samarrak dira. Batez ere, Santa Anastasia jaietan. Ondorengo egunetan beraiekin topo egiten baduzue, argi ibili!
Urretxuko Zipi eta Zapek umetatik ezagutzen dute elkar. Izan ere, ia adin berekoak dira: Murua 1944an jaio zen eta Kerejeta 1946an. Beti kuadrilla berekoak izan dira: gaztetan Beti Jai kuadrillakoak eta egun Etxe Azpi elkarteko lagun taldekoak.
Beraiek haurrak zirenean, zezenek jaietako egitarauan sekulako pisua zutela gogoratzen dute. Koxkortu zirenerako urretxuarrek Euskal Jaia antolatzeari ekin zioten eta beraien kuadrillak karroza egitea erabaki zuen, noski. Hiru urtetan egin zuten karroza: Iparragirreri buruzkoa, garapenaren ingurukoa eta Orixeren omenezkoa.
Iparragirreri buruzko karrozarekin lehen saria irabazi zuten, baina garapenaren ingurukoarekin arazoak izan zituzten. «Garapenak gure kultura eta ohiturekin bukatuko zuela zen gure mezua. Frankismo garaia zen eta agintariak asaldatu egin ziren: garapena ezin zen txarra izan! Karroza ateratzen utzi ziguten, baina lehiaketatik kanporatu zuten», gogoratzen dute Kerejetak eta Muruak.
Ez zen hori izan agintariekin izan zuten arazo bakarra. «Karrozak egiteko diru gutxi ematen ziguten eta bilera egin genuen alkatearekin eta parrokoarekin. Ematen ziguten diruarekin ezin genuela nahikoa material erosi esan nien eta alkateak lapurtzeko esan zigun, parrokoak absoluzioa emango zigula. Bernarasen aroztegitik egurra lapurtu genuen eta Bernarasek goardia zibilengana jo zuen. Hauei alkateak esan ziguna esan genien eta azkenean udalak ordaindu zion egurra Bernarasi», gogoratzen du Muruak.
Gastronomia lehiaketan ere parte hartu izan dute. Muruak bitan irabazi du lehiaketa. Dagoeneko ez dute lehiaketa honetan parte hartzen, baina ekitaldi guztiez gozatzen dute: ostiralean txupinazoa eta musika, larunbatean folklore jaialdia eta gastronomia lehiaketa, igandean goizeko artisau erakusketa eta arratsaldeko karroza desfilea eta astelehenean Kuadrillen Eguna.
Kuadrillen Eguna Hau da, hain zuzen ere, beraien egun kuttuna. Etxe Azpi elkarteko kuadrilla herriko ikusgarriena da. Izan ere, 30 bat lagun ateratzen dira kalera kamiseta horia soinean dutela. Goizeko poteoan, 13:30ean geldialdia egiten dute Iparragirreren jaiotetxearen aurrean Zibilak esan naute abesteko. Ekitaldi honetan beste kuadrilla batzuk gehitzen zaizkie eta ez zen harritzekoa izango egunean batean jaietako egitarauan sartzea.
Ondoren, Etxe Azpira joaten dira bazkaltzera. Urtero garbantzuak eta bakailaoa jaten dute. Arratsaldean parrandarekin jarraitzen dute eta gauean Kantu Afarian parte hartzen dute. Aurten ere eszenatokira igoko dira, noski. Zape bere ile beltzarekin eta Zipi…