Seguratik hasiko dira, eta Idiazabal, Mutiloa, Zerain eta Zegamatik pasako dira. Ibilbideak 21,5 kilometro ditu.
Zeraingo plaza
Aurten 400 urte bete dira Goierriko hainbat herrik hiribildu titulua lortu zutela. Urteurrena aitzakiatzat hartuta, Aizkorpeko herriek mendi ibilaldia antolatu dute biharko. Segura, Idiazabal eta Zegamako mendi elkarteek, Zeraingo Liztormendi elkarteak eta Mutiloako Txerri Gorri kultur elkarteak antolatu dute ibilaldia,
elkarlanean. «Ibilaldi honen asmoa gure herriak hobeto ezagutu eta guztien ikuspegi osatu eta aberatsagoa izatea da», adierazi dute antolatzaileek.
Segurako plazatik abiatuko dira, 08:00etan, eta 21,5 kilometroko ibilbidea egingo dute. Zegamara bidegorritik joango dira lehenik, eta Zerainera mendiz, gero.
Zerainen hamaiketakoa egiteko aukera izango dute mendizaleek, Liztormendi elkartean. Mutiloara eta Idiazabalera joango dira ondoren, mendiz mendi, eta Seguran amaituko dute.
Herri bakoitzean geldialdia
Ibilbideko herri guztietan geldialdia egingo dute, herriko eraikin historikoren baten aurrean, eta azalpenak emango dituzte. Herri bakoitzean eraikin bat aukeratu dute. «
Helburua Aizkorpeko herriak eta haien historia hobeto ezagutzea da; horretarako, herri bakoitzean pertsona ezberdin batek emango ditu azalpenak», adierazi du Joxemari Telleria zeraindarrak.
Ibilaldia 14:30 aldera amaituko da, Segurako plazan. Parte hartzaileek
Seguran bazkalduko dute. Dena den, ez dago ibilaldira joan beharrik bazkarian parte hartu ahal izateko.
ERAIKIN HISTORIKOAK:
- Segura. Arrabiolako burdinola. Lehen aipamena 1.548koa da. Garai hartan aldaparoko uraren indarra burdinolan erabiltzen zen, burdin totxoa, lanabesak eta armak egiteko. XX. mende hasieran aldaparoko urak beherago zegoen zentral elektrikora eraman zituzten.
- Zegama. Altzibarko teileria. XIX. mendearen bigarren zatian eta XX. mendearen hasieran aritu zen lanean.
- Zerain. Jauregi. Zeraingo jauntxoen bizileku izan zen, garai batean dorretxea izandakoa. Arku gotikoa du, ‘Agur Maria graziaz betea’ idatzia duena.
- Mutiloa. Errotatxo. Momentu honetan eraberritzen ari dira. Makinaria ondo gordeta dago, eta aurrerago martxan jartzea pentsatzen dute.
- Idiazabal. Agirre Done Eztebe ermita.