Legazpin eskubaloia urrezko izateko bidean da
Eskubaloiko elkartea eta taldea sortu zituztela 50 urte beteko dira 2017an, Legazpion. La Salle eskolaren ekimenetik abiatua, izen berarekin jarraitzen du herriko eskubaloi klubak: La Salle Eskubaloi Taldea. Kirol mota hori plazan erakutsi dute gaur, jokaleku txikiak markatu azoka plazan, eta adin askotako haurrak nahiz gazteak jokatzen jarrita.
Urrezko ezteiak gertu baldin baditu, eskubaloia Legazpin osasun egoeraz urrezko aroan dela esan liteke. La Salle elkarteak 11 talde osatu ditu 2015-16 denboraldirako, eta 175 bat jokalari ditu (taldeko 16 lagun, bataz beste). Kopuruaz aparte, harrobiko lana du aipagarria: infantil edo haur mailatik helduenera bitarte, kategoria guztietan ditu taldeak, bai mutiletan, bai nesketan. Mutilenak sei talde dituzte, eta neskenak bost.
Nesken artean eskubaloia irabazten ari den indarra nabarmendu dute, gaur, La Salleko elkarteko arduradunek, Legazpiko plazan: “Nesken artean indarra hartzen ari da eskubaloia. Aurten, 2. Nazional mailan jokatuko duen taldea irten da, lehenengo aldiz. Oso pozik gaude nesken atalarekin, bost talde dauzkagu eta”, azaldu du kide batek.
Eskubaloi Eguna ari dira ospatzen, gaur, plazan. La Salleko jokalariez gain, Txantreakoak (Iruñea) gonbidatu dituzte. Herri bazkaria ere egingo dute, azokan bertan.
Neskenaz gain, orokorrean lortu duten presentzia ere ez da hutsala. “Maila guztietan ditugu taldeak, bi eskailerak osatzeraino. Zuzendaritzaren helburua hori zen, 50. urteurrenerako bai mutiletan, bai nesketan, kategoria guztietan nahi genuelako talderen bat eduki —zenbaitetan bi ere badituzte, mutilen kadete eta jubeniletan, adibidez—. Eta lortu dugu. Beraz, pozez kabitu ezinik gaude”.
Mutilen arloan ere, lehen taldea 2. Nazionalean ariko da (Araba, Bizkai eta Gipuzkoako taldeek jokatzen dute liga horretan). Historikoki, 1. Nazionalean ere jokatu izan du La Sallek. Eskubaloiaren maila eta sortzen zuen afizioa, ordea, apalduxeak daudela ere aitortu dute, lehendik: “Lehen beste gauza bat zen eskubaloia Legazpin. Besterik ez zegoela ere egia da. Baina afizioa izugarrizkoa egoten zen”.
Hala eta guztiz, itxaropena eta lana ez dute galdu. Entrenatzaile ikastaroa 20 lagunek egin dute Legazpin, eta laguntzaile sare zabala dute, alde horretatik. Arazorik handiena leku falta dute, hainbeste taldek entrenatzeko. “Pista erdibituta, ordubete bakarrik jardunez… moldatzen gara. Baina espazioa da gaur egun gure arazoa”.