Ibilaldiko parte hartzaileak Zerainen / Zeraingo Paisaia Kulturala
Aurten 400 urte bete dira Goierriko hainbat herrik hiribildu titulua lortu zutela, eta urteurrena aitzakiatzat hartuta, Aizkorpeko herriek mendi ibilaldia egin dute. Segura, Idiazabal eta Zegamako mendi elkarteek, Zeraingo Liztormendi elkarteak eta Mutiloako Txerri Gorri kultur elkarteak antolatuta, taldetxo politak egin du 21 kilometroko ibilaldia, Seguran hasi eta amaitu.
Seguran, Zegaman, Zerainen, Mutiloan eta Idiazabalen geldialdiak egin dituzte herriko eraikin historikoren baten aurrean, horiei buruzko azalpenak entzun eta herrien historia hobeto ezagutzeko. Seguran Arrabiolako burdinola ezagutzeko aukera izan dute, Zegaman Altzibarko teileria, Zerainen jauregia, Mutiloan Errotatxo eta Idiazabalen Agirre Done Eztebe ermita. Elkarrekin bazkaria eginda bukatu dute ibilaldia.
Ibilaldian parte hartu dutenak Segurako plazan / Pello Agirrezabal