Bees Strydom, aurtengo fitxajeetako bat, entsegua egiten, Getxoren kontrako partidan. ARGAZKIA: AINHOA MURIEL
Etxetik kanpo lehen partida irabazita eta
sailkapeneko lider moduan hasi du denboraldia Ampo Ordiziak. Wade Kelly entrenatzailearen
joko sistema berria hasi da lehen emaitzak ematen, bai joko aldetik, eta baita markagailu aldetik ere. Lehen zatian erritmoa hartzea kosta bazitzaion ere, ia
partida osoan nagusi izan ziren ordiziarrak, eta oso estu hartu zuten etxeko taldea. Ordiziako zaleak ere, goitik behera eraberritu duten taldea eta joko sistema berria ikusteko gogotsu zeuden, eta klubak azaldu duenez, “kopuru garrantzitsua” joan da asteburuan Bizkaia aldera, partida ikustera.
Etxekoek hartu zuten aurrea markagailuan, zigor kolpe batekin. Ampok erreakzionatu egin zuen ordea, eta Puyadenak, entsegua egin zuen, nahiz eta gero ez gauzatu. Etxekoek beste zigor kolpe bat lortu zuten, baina berriz ere Puyadenak, entsegua egin eta Rustek gauzatu zuen. Hala,
atsedenaldira 6-12ko emaitzarekin joan ziren.
Bigarren zatia erabat irekia izan zitekeela erakusten zuen markagailuak, eta Getxokoek, aldea murriztu zuten, beste zigor kolpe batekin. Ordiziarrek azkar erreakzionatu zuten, Alvarez de Eulatek egindako entsegu batekin; hura ere, Rustek gauzatu zuen ondoren. Etxeko taldea errematatu zuen azken kolpea izan zen hura, handik aurrera, ordiziarrak jaun eta jabe izan baitziren zelaian, “joko dinamikoa” eginez eta arerioa zokoratuz. Hala,
beste lau entsegu egin zituzten ordiziarrek: Puyadenak, Kortak, Taavalik eta Strydomek, denak ere, Rustek gauzatuta.
Etxekoek 76. minutuan entsegu bat lortu bazuten ere, ordurako aldea nabarmena zen markagailuan.
Azken emaitza 14-50ekoa izan zen, Ordiziaren alde.