Eguraldi bikaina lagun, giro ederrean egin zen atzo Zeraingo 21. Azoka Ekologikoa. Salmentarako ez ezik, produktu ekologikoak plazara ateratzeko baliatzen dute ekoizleek.
Patata eta kuia ekologikoak, atzo, Zeraingo azokan. Arg. Haritz Maiora
Ekologikoan ekoizten duten 27 postu, herriko ekoizleen postuak, tailerrak, erakusketak, erakustaldiak, ipuin kontaketa saioak eta erromeria. Egun osoko festa egin zuten atzo Zerainen,
21. azoka ekologikoaren barruan, eta giro eguzkitsua lagun zela, asko izan ziren Aizkorpeko herrira hurbildu ziren bisitariak.
«Zeraingoa
tradizio handiko feria bat da, urteroko topaketa bat, eta beti oso ondo funtzionatzen du». Biolurreko Adrian Sanchezen esanetan, horrelako azokak «ekoizle eta herritarrak harremanetan jartzeko» plazak dira, eta helburu nagusia «
nekazaritza ekologikoa kalera ateratzea» da. Biolurrek Gipuzkoan antolatzen dituen zazpi azoketatik laugarrena da herenegungoa. Aurtengo azkenekoa Urretxun egingo da, urriaren 11n.
Arantxa Ruiz de Larrinagak lehen aldiz bizi izan du azoka alkate lekutik, eta izandako harrerarekin «gustura gelditu» dela adierazi du. «Eguraldia primerakoa atera zen, eta giro ederra izan zen». Azokan izandako berritasunei egin die aipamena, urtez urte egin diren ekintzei dagokien balioa emanda: «
Lehenengo aldiz animatzaile bat aritu da azoka girotzen, ekoizleei-eta elkarrizketak egiten, eta hori ondo atera dela uste dut». Arratsaldean, 40 bat lagun aritu ziren Japoiniako ipuin tradizionalak aditzen, eta Patxi Perezen erromerian «belaunaldi ezberdinetako jendea» aritu zen dantzan.
Bihar, elikadurari buruzko hitzaldia
Azoka igarota, bihar hasiko da Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren VIII. Hamabostaldia. Garbiñe Etxanizek
Janaria zure sendagaia izan dadila, eta sendagaia zure elikagai hitzaldia egingo du Zeraingo kultur etxean, 19:00etan.
GOIERRIKO BIZITZA ETA NEKAZARITZA EKOLOGIKOAREN VIII. HAMABOSTALDIA. EGITARAUA.
Bihar, hilak 22. Hitzaldia. Janaria zure sendagaia izan dadila, eta sendagaia zure elikagai. Garbiñe Etxaniz. Zeraingo kultur etxean, 19:00etan.
Osteguna, hilak 24. Hitzaldia. Sendabelarrak: ezagutu eta erabil itzazu (Gaztelaniaz). Gabriel Vazquez. Ordiziako D’Elikatuz zentroan, 19:00etan.
Larunbata, hilak 26. Tailerra. Nola egin garagardo ekologikoa etxean. Martin Mujika. Abaltzisketan (Gipuzkoa). Izena emateko: 943 08 74 98.
Irailak 29. Hitzaldia. Jakoba Errekondoren Bizi baratzea liburuaren aurkezpena. Zaldibiako kultur etxean, 19:00etan.
Urriak 1. Bisita gidatua. Ekologikoan ekoizten duen Urteaga baserrira bisita gidatua, Ezkio-Itsason. Barazki, haragi eta fruta ekoizpena. 18:00etan. Izena emateko: 943 08 74 98.
Urriak 3. Tailerra. Ikasi pizza eta enpanadilla begetalak prestatzen (Gaztelaniaz). Itsasondon, 10:00etan. Izena emateko: 943 08 74 98.