Alter Ego, indarra eta pasioa musika bihurtuta
Alter Ego dira. Rock-a egiten dute, pop ukituekin, eta Miriam Inzaren ahots sakonak zer pentsatua ematen duten letrak jartzen ditu abesti bakoitzaren bihotzean. ...
Alter Ego dira. Rock-a egiten dute, pop ukituekin, eta Miriam Inzaren ahots sakonak zer pentsatua ematen duten letrak jartzen ditu abesti bakoitzaren bihotzean. Gazteak dira, hogei urte inguru dituzte, baina aspaldi ari dira jotzen eta urteek emandako heldutasuna agertzen dute hala solasaldian, nola egiten duten musikan. Pasioz bizi dute musika eta gogo hori agerikoa da argitaratu berri duten lehenengo lanean.
Alter Ego Urretxuko eta Zumarragako lau gaztek osatzen dute. Hogei bat minutuan jaso dute bost abestiko bilduma taldearen izen bera duen cd-an. Iñaki Beruete gitarra jotzaileak barre artean dioenez, «hemendik Oñatirainoko bidaiak bezainbeste irauten du». Rock nazionala egiten dutela diote. Hala dio Inzak: «Vetusta Morlaren antza dugula esaten digute, baina gu ez gatoz bat. Fitorekin antzekotasunak argiago ikusten ditugu». Euskaraz zein gaztelaniaz kantatzen dute.
Aurrera begira
Alter Ego izena latinetik hartu zuten, beste ni esan nahi du eta taula gainean ateratzen den beste ni horri keinua egiten dio. Taldea orain bi urte osatu zuten, aurretik beste talde batzuetan jo dute. Sekundino Esnaola musika eskolatik ateratako musikariak dira; han ikasketak eta eskarmentua, garajeetan. Orain, Urretxuko Sarralden egiten dituzte entseguak asteburuetan unibertsitatetik bueltan. Sarralde, baina, ez da tokirik aproposena eta aho batez kexu dira: «Ez gaude gaizki, halere, tokia ez da batere egokia, erabat kutsatuta dago. Jendeak jakin behar du musika egiten ari garenak asko garela eta ez dugula azpiegitura txukunik».
Iraila hasieran Urretxuko Zuhaiztin kontzertua egin zuten; 250 bat lagun elkartu zituzten. Orain, kanpora begira daude, kontzertuak egin nahi dituzte, mugitu, ezagutzera eman. Euskadi Irratiko Arratsean saioan ere izango dira. Aurretik egindakoaren uzta jasotzen hasiak dira; uzta jaso, ereiten jarraitzeko.