Herritarrak ibiltzera bultzatuko ditu ‘Goazen Ordizia’ programak, bihartik aurrera
Ordiziako Udalak eta herriko zortzi elkartek, herritarrak ibiltzera bultzatzeko Goazen Ordizia programa jarri dute martxan. Herrian eta inguruetan egiteko bederatzi ibilbide prestatu dituzte, eta ostegunero herritarrak elkartu eta oinezko txangoak egitea da asmoa. Aurreneko irteera bihar [osteguna] egingo dute, 10:30ean, Plaza Nagusian hasi eta Ordiziako Zentro Sozialean bukatuko den ibilbidearekin.
Udalak eta herriko zortzi elkartek jardun dute egitasmoa prestatzeko lanetan. Helburu nagusia herritarrei oinez ibili araztea da, baina horrekin batera, baita «osasuna hobetzea, aktiboago sentitzea, lagun berriak egitea eta Ordizia eta bere inguruak» ezagutzea ere.
Bederatzi ibilbide horietatik bost, herrigunean bertan egiteko modukoak dira, eta 500-1.700 metro arteko luzeera dute. Gainontzeko lau ibilbideek, Ordiziatik abiatu eta inguruko herrietan egitekoak, 2 eta 7 kilometro artean dituzte. Parte hartzen duten ibiltariei txartel bana emango zaie, Donejakue Bidea egiten duten erromesek eramaten dutenaren tankerakoa. Txartel horretan, egindako ibilbide bakoitzeko zigilu bana jarriko zaie. Bukaeran, hamaiketakoa egingo dute.