Ohiko ibilbidearekin eta distatantziarekin, baina abiapuntua eta helmuga Lazkaon dituela jokatuko da, igandean, 15. Josetxo Imazen Oroimenekoa korrika proba. Ordizian izaten da normalean hasiera eta bukaera, hango Txindoki-Jaso atletismo taldeak antolatzen baitu; baina hirugarren aldiz hartuko du Lazkaok lasterketa herrikoi hori, 2006koaren —Altamirako estadioaren obrengatik— eta 2011koaren —Antzar Korrikalariak talde lazkaotarraren 10.urteurrena omentzeko— ondoren.
10 kilometro osatu beharko dituzte lasterkariek. Irteera 11:00etan da, Lazkaoko plaza inguruan. Ataun alderantz abiatuko dira, Txindoki gerontologikoan biratu eta Mikerlar auzotik atzera behera etortzeko. Ordizia (probaren erdibidea, 5. kilometroa, Txindoki sagardotegiaren parean egongo da) eta Beasain (tren geltokian bira) zeharkatuko ditu gero.
Iazko garaileak, gizonezkoetako Elhassan Oubaddi eta emakumezkoetako Elena Loyo, lehian izango dira.
Izena aurrez kirolprobak.com webgunean eman liteke (10 euro txip horia dutenek, 12 gainontzekoek), edo igande goizean bertan, 09:00etatik 10:00etara (15 / 18 euro).

Imaz probako korrikalariak, Lazkaon. Normalean biragunea izaten da han; aurten, irteera eta bukaera./Aimar Maiz