
Jose Luis Ugartek eta Mertxe Urteagak
Erdi Aroko burdin arkeologia. Legazpi (Gipuzkoa) barrutiko zepadiak liburua idatzi dute. Burdinola elkarteak eta Arkeolan fundazioak argitaratu dute eta bazkideek doan jasoko dute. Gainontzeko guztiek, 20 eurotan eros dezakete.
Argitalpenak 350 orrialde ditu, euskaraz eta gazteleraz. Bi atal nagusi ditu: Legazpiko ikerketa eta katalogoa eta kartografia. Liburua ostiral arratsaldean aurkeztu zuten Legazpiko kultur etxean. Ekitaldian 35 bat lagun elkartu ziren.
Zepadiak eskoria pilak dira eta burdina nondik ateratzen zuten erakusten dute. Inguruan haizeolak zituzten: labeak. Burdinolak 1993an ekin zion zepadiak bilatzeari eta Arkeolanek ere urte hartan egin zituen lehen zundaketak Legazpin.
Liburuan 124 zepadi katalogatu dira. 1980an hamar bakarrik ezagutzen ziren. Liburua argitaratu ondoren, beste zepadi bat aurkitu da. Guztira 125 ezagutzen dira, beraz. Horietako hamar 1200 urte ingurukoak dira.
Izenburuan Legazpiko barrutia aipatzen da eta honek Goierriko sei herri hartzen ditu: Legazpi, Gabiria, Mutiloa, Zerain, Segura eta Zegama. Zepadi inguru horiek Legazpiko harana osatu zuten, garai batean. Izan ere, lehen Legazpik hedadura gehiago zuen.